1984ko martxoaren 22an Espainiako poliziak Pasaiako badian erail zituen Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu gogoratzeko Azpeitiko Enparan dorretxearen atzean dagoen oroigarria erasotu dute.
Ez da lehen aldia, ordea, Pasaiako segadan eraildakoak oroitzeko eta sarraskia salatzeko dauden ikurrak erasotzen dituztela.
2017an, Pasaian gure senideak erail zituzten lekuan Bixi Bixi elkarteak ipinitako informazio panela bere lekutik atera, txikitu eta bota egin zuten.
2018an, Pasaian segadari buruzko dokumentala aurkeztu behar zuten garaian, bi aldiz erasotu zuten palanka baten laguntzaz, panelean kalte nabarmenak eraginez.
Iaz, 2023ko uztailaren 22an, beste eraso bat egin zioten. Zehazki, hildakoen lau siluetak irudikatzen dituen tokian pintura gorria eta horia bota zuten, Espainiako bandera marraztuz.
Modu jarraituan Azpeitiko eta Pasaiako oroitarriak behin eta berriz erasotzeak, eraso horiek intentzionalitate politiko batekin eginak direla pentsatzera garamatza. Batzuek, Pasaian gertatutakoa ezkutatuz eta ezabatuz, bazterketan oinarritutako memoria desitxuratu bat eraiki nahi dute. Guk, gure aldetik, ezinbestekoa ikusten dugu, etorkizuna bizikidetzatik eraiki nahi bada, diskriminaziorik gabeko memoria osoa osatzea.
Pasaian eraildakoen senideok , orain arte bezala, oztopoak oztopo, gure senideekin burutu zuten sarraskia argitu arte lanean jarraituko dugu.
Bide horretan, instituzioetatik ere eraso hauek salatzea eta gaitzestea beharrezkoa ikusten dugu...