Mendietxe bete dute Sebastian Alvaroren liburu eta dokumentalaren aurkezpenek

Iraia Oteiza 2024ko abe. 13a, 10:19

Mendi Astearen barruan Sebastian Alvarok eskainitako saioko irudia. (Lagun Onak)

Mis montañas liburua eta dokumentala aurkeztu zituen Alvarok atzo, Jose Mari Azpiazuk aurkeztuta. Bere espedizioetan bizitakoak kontatu zituen Alvarok Mendietxe museoan, dozenaka lagunen aurrean. Mendi Astearen barruan antolatutako hirugarren saioa izan zen atzokoa .

Mendizaletasunarekin lotutako hiru diziplinatako ikus-entzunezkoak aurkeztu dituzte udazkeneko Mendi Astearen barruan. Lehen saioan, Fidel Mendia iruindarrak Jordaniako basamortuan bizitako eskaladako esperientziaz jardun zuen. Bigarrenean, berriz, Mikel Sarasola donostiarra izan zen protagonista, eta hark bi urtez Groenlandiako glaziarretako ur bizietan kayakarekin egindakoak azaldu zituen. Hirugarren saioa izan zen atzokoa, eta Sebastian Alvarok Mis montañas liburuaren eta dokumentalaren berri eman zuen han, Jose Mari Azpiazuk aurkeztuta. Alvaro Al filo de lo imposible telebistako programaren sortzailea izan zen, eta saioa zuzentzen jardun zuen 29 urtez. 250 espedizio baino gehiagotan parte hartu du, 350 dokumentaletik gora egin ditu eta 35 liburu ditu kaleratuta. Mendietxeko aretoa bete egin zen Alvaroren aurkezpenean.

Hiru saioen ostean, Lagun Onak Mendi Bazkunaren batzar nagusiarekin amaituko dute udazkeneko aurtengo Mendi Astea. Gaur, ostirala, elkartuko dira Mendietxe museoan, 19:00etan. Ondoren, afaria egingo dute Mendizaliek tabernan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide