Datorren asteartean, abenduak 17, 18:00etan irekiko dute 2025eko Kultur Bonua erosteko aukera, kulturaz.eus webgunean. 120 euroko kostua izango du bonuak, eta ikasleek, langabetuek, pentsiodunek eta familia ugariek deskontua izango dute, Azpeitiko Udalaren laguntzari esker. Deskontu hori jaso ahal izateko, beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Bonu kopurua mugatua izango da, eta gutxienez 16 urte dituztenek eskuratu ahal izango dituzte. Kultur Bonu orokorra transferigarria izango da; Kultur Bonu deskontuduna, ordea, ez.
Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera izango dute Kultur Bonua dutenek. Honako sarrerak izango dituzte eskuragai bonudunek: hamar sarrera kontzertuetarako, hamar sarrera film emanaldietarako, hamar sarrera antzerki, bakarrizketa edota dantza ekitaldietarako, hamar sarrera haurren ikuskizunetarako eta zenbait kontzertutan nahiz ikastaroetan parte hartzeko deskontuak.
Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldi bakoitzerako gehienez bi sarrera hartu ahal izango dira, eta ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian. Kulturazek adierazi duenez, "diziplina askotako ekitaldi ugariz osatutako urte oparoa" izango da 2025a.
Bonu digitala
2025eko bonua digitala izango da, eta Kulturaz app-aren bidez erabili ahal izango da. Aplikazio horretan Kultur Bonoaren kodea izango dute, eta bertatik erabilera jarraitu ahal izango dute.
2013. urtetik dago Kultur Bonua martxan, eta datorren urtean hamahirugarren urtea beteko du. Kulturazek adierazi duenez, bonuak "oso harrera ona" izan du urtero herritarren artean. "Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jartzeko eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturazale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikusleak indartzea eta belaunaldi berriak erakartzea", adierazi du Kulturazek.