Forque saria jaso du Nagore Aranburuk 'Querer' telesaileko lanagatik

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 15a, 08:43

Nagore Aranburu Forque saria jaso ondoren, atzo. (Forque sariak)

Fikziozko telesailen saileko emakume aktore onenaren saria irabazi du azpeitiarrak, Espainiako estatuko ikus-entzunezkoen arloko lanak nabarmentzen dituen sariketan. Atzo gauean egin zuten sari banaketa, Madrilen.

Querer telesailean egindako lana poz eta aitortza ugari ematen ari zaio Nagore Aranbururi. Besteak beste Feroz eta In Style sarietan hautagai izan ondoren, fikziozko telesailen saileko emakume aktore onenaren Forque saria jaso zuen atzo gauean azpeitiarrak Madrilen.

Espainiako estatuko ikus-entzunezkoen arloko urteko lan nabarmenenak goraipatzen dituzte Jose Maria Forque zuzendari zenaren izena daramaten sariek. Aurtengoarekin, 30. aldia bete dute sariok; Madrilgo IFEMAn egin zuten sari banaketa gala atzo gauean, eta han jaso zuen saria Aranburuk. Pozik bezain hunkituta hitz egin zuen azpeitiarrak. Esker oneko eta miresmen hitzak izan zituen Aranburuk Querer idatzi eta zuzendu duen Alauda Ruiz de Azua bizkaitarrarentzat, eta "inguruan ditugun Miren guztiak" ekarri zituen gogora, "hainbeste epaitu beharrean, haiei hobeto laguntzen ikas dezagun".

Aranburu Miren da Querer-en. 30 urtez ezkonduta eman eta bi seme-alaba elkarrekin izan ondoren, Mirenek senarra utzi eta etengabe bortxatzeagatik salatuko du. Salaketa larri horren ondorioz, seme-alabek aukeratu egin behar dute: amari sinistu ala errugabea dela dioen aitaren alde egin. Movistar + plataforman ikus daitezke telesailaren lau atalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide