Azpeitia-Hazparne (2017an), Azpeitia-Bilbo kostatik (2018), Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea edo Bermeo-Oion (2019), Azpeitia-Iruñea (2022), Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia (2023) eta Tutera-Azpeitia (2024) egitasmoen ibilbideak etapaz etapa osatu ondoren, Azpeitia-Gasteiz Hiru Handietatik barrena da 2025erako Lagun Onak mendi bazkunak mendizaleei jarriko dien erronka.
Azken urteetan egin dituzten etapazkako egitasmo arrakastatsuen mapak ikusita, "Gasteiz aldera gerturatzea falta" zitzaien Azpeitiko mendizaleen elkartekoei, eta hori egingo dute hastear den urtean. Etapaz etapa, mendiz mendi eta ibilaldiz ibilaldi bi herri lotzea izango da datorren urtean ere helduei zuzendutako etapazkako egitasmoaren helburua. Eta "egitasmoa erakargarriago egiteko", Hiru Handiak sartu dituzte ibilbidean, hau da, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako tontor altuenak: Aizkorri (1.523 metro), Anboto (1.331) eta Gorbea (1.482).
Hala ere, "egitasmoa ahalik eta mendizale gehienentzat egingarriagoa izateko", Aizkorri eta Anboto igarotzea tokatuko den etapetan bi tontor horiek saihestuz etapak egiteko aukera ere eskainiko duela azaldu du Lagun Onak MBk.
Zazpi etapa, otsailetik urrira
Azpeitia eta Gasteiz zazpi etapatan lotzea da mendizaleen asmoa. Otsailaren 15ean egingo dute lehen etapa, Azpeititik Zumarragaraino (Gipuzkoa); eta urriaren 18an azkena, Murgiatik (Araba) Gasteizera.
Hona hemen etapen egutegia –iraileko eguna zehaztea falta dute–, ibilbideko zenbait xehetasun nagusiekin osatuta:
- Otsailaren 15a. Azpeitia-Zumarraga (30 kilometro). Izarraitz Birako bidetik Otarrera igo, eta handik Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbidea jarraituko dute mendizaleek.
- Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (24 kilometro). Arranoaitz mendia igo, eta Udanatik pasatu ostean, Zegamarako bidea egingo dute parte hartzaileek, Aizkorriren magaletik.
- Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro). Zegamatik Aizkorrira igo, eta handik jaitsiko dira Arantzazura, Urbian zehar.
- Maiatzaren 17a. Arantzazu-Landa (32 kilometro). Laugarren etapan sartuko dira Arabako lurretan mendizaleak. Andarto eta Degurixa bezalako paraje ezagunak zeharkatuko dituzte bidean eta Landako urtegian amaituko dute eguna. Hau izango da etapa luzeena.
- Ekainaren 28a. Landa-Otxandio (Anboto) (31 kilometro).
- Irailaren 13a-20a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro).
- Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).