Aurten ere Kirol Sariak banatuko ditu Azpeitiko Udalak, Kirol Mahaiarekin lankidetzan. Hiru sari banatuko dituzte: gizonen eta emakumeen kategorietan Urteko Kirolaria Sariak eta Urteko Boluntarioa Saria (norbanako edota talde bati). Ostiralean, San Tomas bezperan, 19:00etan hasita banatuko dituzte sariak Sanagustin kulturgunean.
Aurrez ekarpenak egiteko aukera izan zuten herritarrek eta horiekin hautagaiekin zerrenda osatu zuen udalak. Hala saridunak zeintzuk diren ostiralean jakingo da.
Aurten 25 urte betetzen dituzte Kirol Sariek, eta urtemuga horri lotuta, urte hauetan banatu dituzten oroigarriak Mikel San Juan tailugileak egindakoak izan dira, eta lan horiek ostiralean, abenduaren 20an, egun batez erakusgai jarriko dituzte Sanagustin kulturgunean.
2000. urtean hasi zen Azpeitiko Udala Kirol Sariak banatzen, eta 2020. urtean ez beste guztietan eman ditu (urte hartan COVID19aren pandemiagatik ez zuten egin ekitaldia).