Etxean hiru puntu batuz gero, etxetik kanpo bat batzea beti ona dela esan izan ohi da futbolean, eta horixe gauzatu dute Lagun Onakeko aurreneko bi taldeek joan den asteburuan. Emakumeen taldeak 3-1 menderatu zuen Ostadar taldea zapatuan, Garmendipen, eta gizonek 3-3 berdindu zuten, Pasaian (Gipuzkoa).
Azken hiru partidatan puntu bakar bat batuta zen Miren Arrondo entrenatzailearen taldea, eta haatik, garaipen gosez zelairatu ziren. Aurreneko zatian aukera asko sortu zituen Lagun Onakek, baina ez zuen lortu abagune horietako bakar batean ere gola gauzatzea; ate aurrean ez ziren fin ibili Azpeitikoak, eta hala, hutsean hartu zuten aldageletarako bidea.
Barkatu egin zuen Lagun Onakek aurreneko zatian, eta bigarrenaren hasieran, zigorra jaso zuen. Jokoaren ekimenak, lehen zatian bezala, Azpeitiko taldeak izan zuen berdegunean, baina gola Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) taldeak egin zuen, 52. minutuan. Hala eta guztiz ere, une horretan bertan suspertu zen Arrondoren taldea; bazirudien aurkariaren golak mesede egin ziola Lagun Onaki. Ostadarrek gola egin eta hiru minutura lortu zuen Lorea Ruedak dema berdintzeko gola, falta jaurtiketa batean.
Lehiak aurrera jarraitu zuen, ordea, eta Arrondoren taldeak garaipena eskuratzeko gogoa eta premia izaten segitzen zuen. Julene Elustondok lortu zuen etxekoen bigarrena lehia amaitzeko ordu laurdena falta zenean, eta handik gutxira Elustondo berak egin zuen hirugarrena ere. Bi goleko errenta zutela, lasaiago aritu zen Azpeitiko taldea, eta hiru aste beltzen ondoren, garaipena lortzeko gai izan ziren. Orain, sailkapeneko bederatzigarrenak dira Arrondorenak, hamabost punturekin. Datorren zapatuan, 10:30ean, Errenteriako (Gipuzkoa) Fanderia zelaian jokatuko dute Touring taldearen aurka.
Gizonen berdinketa Pasaian
Bestalde, gizonen taldeak 3-3 berdindu zuen zapatuan, Pasaian. Partida eroa jokatu zuten Pasaiak eta Lagun Onakek, Jesus Mari Zamora zelaian. 5. minuturako hartu zuen aurrea Jose Luis Riberaren taldeak, Jon Peñak atezaina gainditzea lortu baitzuen ate aurrean izan zuen lehen abagunean. Dena den, etxekoek ordu laurdena bete zenean egin zuten banako berdinketaren gola; Azpeitikoen ate aurrean jabetzarik gabe gelditu zen baloia, eta pasaitarrek hala egin zuten gola.
Pasaiako taldearena izan zen jokoaren ekimena, baina baloia jokoan ez zegoen egoeretan ere min egiten jakin zuten haiek, bereziki falta erdiraketetan eta korner jokaldietan. Halako jokaldiren batean etxekoek aurrea hartzeko gola egin zezaketela zirudienean, ordea, Lagun Onakek lortu zuen berriro gola egitea; Iker Gabilondorena izan zen gola, baloia area ertzetik jaurtita.
Aldageletatik bueltan, joan-etorriko partida jokatu zuten Pasaiak eta Lagun Onakek. Joan den astean San Ignacioren aurka gertatu bezala, gainera, bi minutu nahikoa izan zituen etxeko taldeak, batetik, partida berdintzeko, eta bestetik, lehia iraultzeko; 70. minutuan 3-2 erakusten zuen Jesus Mari Zamora zelaiko markagailuak. Lehiaren arauzko denborara iristeko hamar minutu falta zirenean, ordea, Markel Regilek egin zuen behin betiko hirunakoa ezartzeko gola. Jon Sanchezek eginda eman zion gola Regili; izan ere, azken horrek atezainaren aurrean baloia gurutzatzea nahikoa izan zuen.
Berdinketaren ostean ere zelaiaren bi areatan izan ziren gol aukerak, bi taldeek jo baitzuten hiru puntuen bila. Nolanahi ere, hiru gol eginda eta beste horrenbeste jasota, ontzat eman zuten bi taldeek puntua. Sailkapeneko bederatzigarrena da orain Riberaren taldea, 21 punturekin. Datorren ostiralean jokatuko du Lagun Onakek urteko azken partida. Beasain jasoko dute Azpeitikoek Garmendipe zelaian, 20:00etan.