Urtarrilaren 13an ekingo diete berriro pentsio duinen aldeko elkarretaratzeei

Julene Frantzesena 2024ko abe. 17a, 08:38

Hainbat pentsiodun eta jubilatu atzoko elkarretaratzean.

Atzo, astelehenez, egin zuten hainbat lagunek 2024ko azken elkarretaratzea. Mokaduaz ere gozatu ahal izan zuten Azoka Plazan bildutakoek. 2025eko urtarrilaren 13an hasiko dira berriro kontzentrazioekin, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak biltzeari ere ekingo diote.

Dozenaka herritarrek atzo egin zuten pentsio duinen aldeko urteko azken elkarretaratzea. Azoka Plazaren barruan elkartu ziren, pankartaren atzean, eta urteko azken bilkura izanik, bukatzean mokaduaz gozatu zuten han elkartutakoek. 2025eko urtarrilaren 13an elkartuko dira berriro ere, Gabonetako etenaren ostean. Astelehenetan jarraituko dute elkarretaratzeak egiten.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Pentsioen osagarria bermatzeko neurriak izenburupean, eta testua izapidetzea lortu zutela adierazi dute Azpeitiko kideek. Ekimen horrek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskaera garrantzitsu bati erantzuten diola zehaztu dute, gainera; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izatea, urteko hamalau saritan.

Azpeitiko pentsiodunek azaldu dutenez, gutxieneko pentsioek pobrezia iraunarazten dute, eta beharrezkotzat jo dute gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema garatzea. Gainera, pentsiodunen diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %100arekin parekatzea nahi dute.

Herri Ekimen Legegilearen izapidetzearekin jarraitzeko sinadura bilketa gauzatuko du Pentsiodunen Mugimenduak, eta urtarrilaren 13an hasiko dira Azpeitian horretan, urteko lehen elkarretaratzearekin batera. Bilketa egiteko mahaiak jarriko dituztela aurreratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide