Iazko arrakastaren ostean, herriko ikastetxeek, Azpeitiko Udalak eta Gukak gaztetxoen Xapokeitan lehiaketaren bigarren edizioa egitea hitzartu zuten duela hilabete batzuk, eta asmoak aurrera egin du. Joan den astelehenean, hilaren 8an, Sanagustin kulturgunean grabatu zuten telebista saioa. Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako LH6. mailako hiruna ikaslek parte hartu zuten Mireia Galarza eta Ignacio Arakistain aurkezleek gidatutako lehiaketan, nola ez, publikotik dozenaka ikaskide begira zituztela.
Emaitza aurki izango da ikusgai; hain zuzen ere, ostiralean, hilaren 20an, 21:00etan, Guka Telebistan. Egun eta ordu horretan ikusi ezin duenak, hurrengo egunetan ere izango du aukerarik; larunbatean eta igandean 16:00etan, esate baterako. Hilaren 23tik aurrera, berriz, saioa oso-osorik ikusgai egongo da Azpeitia Gukaren eta Gukaren webguneetan.