Hemen da gaztetxoen Xapokeitan lehiaketaren bigarren edizioa. Joan den astean Sanagustin kulturgunean grabatutako saioa gaur, 21:00etan, botako dute Guka Telebistan, eta gaur ikusi ezin dutenek hurrengo egunetan ere izango dute aukerarik; larunbatean eta igandean, esaterako, berriz emango dute saioa, 16:00etan hasita. Astelehenetik aurrera, berriz, saioa oso-osorik ikusgai egongo da Azpeitia Gukaren eta Gukaren webguneetan.
Euskara eta Azpeitia ardatz dituen lehiaketa da Xapokeitan, Azpeitiko Udalak eta Gukak elkarlanean sortua. Iazko martxoan egin zuten jokoaren lehen ekinaldia, helduen bertsioa, eta horren ondotik, iazko urtearen bukaera aldera etorri zen haurren bertsioa. Azken horren arrakasta ikusita, aurten bigarren edizioa egitea erabaki dute sustatzaileek, eta joan den astelehenean, hilaren 8an, grabatu zuten telebista saioa Sanagustin kulturgunean.
Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako LH6. mailako hiruna ikaslek parte hartu zuten Mireia Galarza eta Ignacio Arakistain aurkezleek gidatutako lehiaketan, nola ez, publikotik dozenaka ikaskide begira zituztela. Ikaskide horietako zenbait kulturgunearen sarreran jarritako photocalletik ere pasatu ziren, argazkietan ikus daitekeen moduan.