Agerre II.a harri jasotzaile historikoa hil da

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 18a, 10:26

Jose Antonio Lopetegi 'Agerre II'.a 2015ean, Asteasun zuen harri bildumarekin. (Aiurri)

Bart hil da Jose Antonio Lopetegi, 94 urterekin. Loiolako Agerre Haundi baserrikoa, Asteasun bizi zen (Gipuzkoa); herri horretako alkate ere izan zen. 1950etik aurrera hainbat marka ezarri zituen eta sasoiko harri jasotzaile handienetakoa izan zen.

Jose Antonio Lopetegi Agerre II.a harri jasotzaile ohia hil da bart, 94 urterekin. Loiolako Agerre Haundi baserrikoa, Asteasun bizi zen (Gipuzkoa); herri horretako alkate ere izan zen.

1950etik aurrera hainbat marka ezarri zituen, horietako batzuk inork hautsi gabe jarraitzen dute, eta sasoiko harri jasotzaile handienetakoa izan zen. Besteak beste, ehun kiloko zilindroari 22 altxaldi egin zizkion minutu batean Donostiako zezen plaza zaharrean 1952an, milaka ikusle elkartu zituen erakustaldi batean; urte berean, hamar aldiz jaso zuen 150 kiloko zilindro zaharra. Erakustaldi ugari egin zituen sasoi hartan Agerre II.ak.

Agerre Haundiko bigarren harri jasotzailea izan zen Agerre II.a; anaia zaharragoa, Luis, nabarmendu zen aurrena eta hura zen Agerre I.a. Aurrekoak ez ezik, ondorengoak ere maila goreneko kirolariak izan ditu etxean Loiolakoak: Joxean Lopetegi Agerre erremontista ohia eta Julen Lopetegi futbol atezain ohi eta entrenatzailea Agerre II.aren semeak dira.

Elkarrizketa 'Aiurri'-n

Bere bizitzari errepaso polita egin zion Agerre II.ak 2015ean, Aiurri hedabideari emandako elkarrizketan.

Hain zuzen ere, elkarrizketa hura berreskuratu du gaur Aiurri-k, azpeitiarraren heriotza dela eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide