Goi mailako Bikain ziurtagiria jaso du Abelur kooperatiba elkarteak

Andoni Elduaien 2024ko abe. 19a, 11:06

Lurdes Alberdi, erdian, Bengoetxearekin eta Rodriguezekin. (Irekia)

Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso zuen atzo arratsaldean Azpeitiko kooperatiba elkarteak, Donostiako Kursaal aretoan. Euskararen kudeaketan egindako lanagatik, goi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen Lurdes Alberdi Abelurreko lehendakariordeak.

Azpeitiko Abelur kooperatiba elkarteak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso zuen atzo, asteazkena, Donostiako Kursaal jauregian. Erakunde publikoek zein pribatuek eta enpresek euskararen kudeaketan nahiz garapenean eman dituzten aurrerapausoak aitortu zituen Jaurlaritzak, eta hain justu, goi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen herriko lantegiak. Lurdes Alberdi Abelurreko lehendakariordeak jaso zuen diploma.

Aurten, guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 44 erakundek eta enpresak jaso dute Jaurlaritzaren ziurtagiriren bat: zazpik jaso dute Harrobi izeneko ziurtagiria, bostek oinarrizko Bikain ziurtagiria, zazpik erdi mailako Bikain ziurtagiria eta 25ek goi mailako Bikain ziurtagiria. Azpeitikoan gain, Azkoitiko Alberdi Mekanizatu Lanak enpresaren eta Zarauzko Arazi Ideiak Borobiltzen lantaldearen lana ere aitortu zuten erakundeek, biek jaso baitzuten goi mailako Bikain ziurtagiria.

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura zein Hizkuntza Politikako sailburuak eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak parte hartu zuten atzoko ekitaldian. 2023ko ekainean onartu zuten Jaurlaritzak erakunde publikoen eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretu berria, eta hura onartu osteko bigarren ekitaldia egin zuten atzo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide