Datorren urtean egingo dituzte Frontoi Txikiaren ondoko eremua eraldatzeko obrak

Julene Frantzesena 2024ko abe. 19a, 13:08

Hainbat lagun atzo, Ander LarraƱaga zinegotziaren azalpenak entzuten. (Azpeitiko Udala)

Frontoi Txikiaren eta Done Jakue kaleko haurrentzako parkearen artean espazio libre bat atonduko dute; zati batek estalkia izango du, eta harmailak ere jarriko dituzte. Atzo egin zuten eremu horretarako proiektua osatzeko gauzatu duten parte hartze prozesuaren bukaerako ekitaldia. Proiektua aurkeztu zien udalak hara joandakoei.

Udazkenean gauzatu duten parte hartze prozesuak eman ditu fruituak: zehaztu dute Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren ondoko eremuan, zer egokitzapen egingo dituzten. Udalak atzo aurkeztu zien herritarrei eta parte hartze prozesuan buru-belarri aritu diren eragileetako kideei proiektua, festa giroan egin zuten ekitaldi batean.

Frontoi Txikiaren eta Done Jakue kaleko haurrentzako parkearen artean espazio libre bat atonduko dute. Udalak azaldu duenez, proposamenak biltzeko prozesuan parte hartu duten herritarrek oztoporik gabeko eremu multifuntzional eta goxo bat izan dadin eskatu dute. Gainera, plazatxo horren zati batean, frontoiari itsatsitako estalki bat jarriko dute, "ongi argiztatuta eta kolore ez biziduna".

Eremua bera handitu egingo dute, zenbait aparkaleku kenduta eta haien lekuan altzari batzuk –bankuak, adibidez– edo landareak jarrita. Halaber, harmailak, eserlekuak, ping pong-eko mahaiak eta abar ere jarriko dituzte plazaren beste zati batean. Gainera, lurra aldatu eta berdindu egingo du, eremua irisgarriago egiteko. Udalak aurreratu duenez, datorren urtean egingo dituzte plaza berritzeko lanak.

Honako hau da Done Jakue kaleko plazatxorako osatu duten proiektuaren planoa:

Festa giroko aurkezpena

Atzo, asteazkenarekin, Gabonetan izotz pista hartzeko plaza horretan jarri duten karpan egin zuten proiektuaren aurkezpena, festa giroan. Dozenaka herritar izan ziren han, eta besteren artean, txokolatea nahiz bizkotxoa dastatzeko, ipuinak irakurtzeko, margotzeko, argazki historikoak ikusteko eta jolasteko aukera izan zuten horiek.

Juan Antxieta musika eskolako kideek biolin doinuz egin zieten ongietorria hara joandakoei, eta Ander Larrañaga zinegotziak eman zizkien gauzatutako prozesuaren inguruko xehetasunak herritarrei. Haren hitzetan, Gernikako arbola erori ostean ikusi zuen udalak eremu hura eraberritzeko aprobetxa zitekeela abagunea, eta eremuaren erabileraren gaineko kontuak herritarrekin batera adostea erabaki zuten, "hirigintza eredu hezitzaileagoa" aplikatuta.

Atzoko ekitaldiarekin eman zion udalak bukaera Frontoi Txikiaren ondoko eremuaren eraldaketa prozesua zer-nolakoa izango den zehazteko gauzatutako parte hartze prozesuari. Udazkenean hasi zuen lanketa erakundeak, foro bat osatuta, eta espazioaren inguruko informazioa bilduta, parte hartze prozesua diseinatu zuten, Hiritik At eta OinHerri taldeen laguntzarekin. Lehen fasean ekarpenak jaso zituzten, eta haiek kontuan hartuta osatutako proposamenari ekarpenak egin zizkioten foroko kideek.

Eremu hori erabiltzen duten eragileetako kideekin egin ditu udalak elkarrizketak, zertarako eta zenbat erabiltzen duten jakiteko. Besteak beste, Ilunpe pilota elkartekoekin, Zezen Beltzekoekin, Elkar-ekinekoekin, Bertanekoekin, Jauzikakoekin, Baigerakoekin, Marea Urdinakoekin nahiz Osamenekoekin egin dituzte bilerak. Prozesua "aberasgarria" izan dela adierazi zuen atzo Larrañaga zinegotziak, oro har, parte hartze prozesuetan gutxitan aritzen diren kolektiboen eta kideen ahotsak ere jaso ahal izan dituztelako.

Hona hemen atzoko aurkezpen jaiko irudi batzuk:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide