Sormen egonaldien urteko aurreneko deialdia ireki du Kulturaz kooperatibak, proiektu bat esku artean duten eta hori garatzeko espazioa, denbora zein baliabideak behar dituzten sortzaileei zuzenduta. Urtean halako bi deialdi egiten ditu Kulturazek, eta honakoa da 2025eko lehendabizikoa. Interesa duen sortzaile orok urtarrilaren 19ra arte eman dezake izena, eta urtarrilaren 31n jakinaraziko du kooperatibak aurreneko deialdiaren ebazpena, egonaldiak egiteko aukeratu dituztenen izenak, alegia.
Kulturazek Soreasuko Dinamoa sormen gunearen espazioak jarriko ditu oraingoan ere sortzaileen esku, otsaila hasieratik uztaila amaierara arte, eta hiru egonaldi mota jarri ditu aukeran. #Harri izenekoa, edo egonaldi osoa, edozein arte diziplinatan "bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dionarentzat" pentsatuta dago. "Prozesuaren edozein fasetan egonik ere denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dutenen eskura baliabideak nahiz babesa eskaintzea" da asmoa, eta zazpi eta hamabost egun bitarteko egonaldia egiteko aukera eskainiko du Kulturazek formatu honetan, hainbat baliabiderekin batera –lotarako lekua eta otorduak, tartean–. Formulario hau bete behar dute #harri egonaldia egiteko eskaera aurkeztu nahi dutenek.
#Orri edo egonaldi sinplea, berriz, "modu errazean sormen proiektu bati denbora, lekua eta baliabideak eskaini asmoz egonaldi malgu bat egin nahi duen norbanako sortzaile eta kolektiboei zuzenduta" dago. 15 eta 90 egun arte iraun dezake egonaldi mota honek, eta izena formulario honetan eman behar da.
Antzerki sorkuntzara bideratutako #ar egonaldiek osatuko dute sormen egonaldien eskaintza. "Euskarazko antzezlan bat landu asmo duen antzerkigile orori zabaldutako deialdia" da hori, gutxienez astebeteko eta gehienez bi asteko egonaldia egin ahalko dute aukeratuek Dinamoan, eta sormen gunearen Gorputzaren eremua ez ezik, Soreasu antzokia ere erabili ahal izango dute. #Ar egonaldietarako izena formulario honetan eman daiteke.
Egonaldi bakoitzaren ezaugarri eta xehetasun guztiak Kulturazen webgunean irakur daitezke. Informazio gehiago jaso edota zalantzak argitu nahi dituztenek, berriz, dinamoa@kulturaz.eus helbidera idatzi dezakete.