Hausnarketa eginda berritu dituzte Sanagustin kulturguneko komunak

Julene Frantzesena 2024ko abe. 19a, 15:20

Sanagustin kulturguneko komunak berrituta. (Azpeitiko Udala)

Gune bakar batean bildu dituzte bost komun itxi. Gunearen diseinua egiterako, hainbat eragilerekin egin du hausnarketa udalak. Komunen kanpoaldean haurrentzako aldaleku bat jarri dute, eta gunea herritar guztientzat irisgarri bilakatu dute.

Berritzeko premia zuten Sanagustin kulturguneko komunek, eta herritarrentzako espazio seguru, funtzional, erabilgarri eta eroso bilakatzeko xedez, obrak egin ditu Azpeitiko Udalak. Parekidetasun eta Hirigintza sailek, Kulturaz kooperatibak, Emakumeen Txokoak, Eihera kooperatibak, Marea Urdinak eta ONCEk komunen diseinuaz hausnarketa egin dute.

Gogoeta gauzatuta, hainbat erabaki hartu dituzte eragile horiek. Batetik, komun bakar bat egin dute kulturgunean, espazioa aprobetxatzeko, irisgarritasuna bermatzen duen komun egokitua egiteko eta herritar orori sarbidea errazteko. Gainera, komunek sor ditzaketen genero desorekak, arriskuak, segurtasun falta sentipenak, desorosotasunak eta abar lantzeko tartea izan dute, eta bost komun itxi egokitu dituzte –ateak izango dituzte eta espazio itxiak dira, erabiltzaileen intimitatea babesteko–; horietako bitan bi pixaleku jarri dituzte, zutik eta eserita egiteko bana. Bestalde, komunetako bat behar bereziak dituzten herritarrentzat atondu dute.

Bost komunetan jarri dituzte iturriak higienea eta osasun beharrak asetzeko, eta udalak azaldu duenez, bereziki, gero eta ohikoagoak diren hilerokoarentzako kopen erabilera errazteko helburuz. Halaber, umeentzako aldaleku bat ere jarri dute komunen kanpoaldean. Herritar ororentzako gune irisgarria izan dadin, komun bakoitzaren barruan dagoenaz informatzeko piktogramak jarri dituzte, eta informazio hori braillez idatzi dute. Ikusmen urritasuna duten herritarrei laguntzeko xedez, letren tamaina "egokia" izatea ere hartu dute kontuan, baita piktogramek kontraste egokia izatea ere.

Udalaren hitzetan, aldaketak "txikiak" izanagatik, komun publikoen erabileraren inguruko hausnarketa egiteko balio izan du egitasmoak. Izan ere, komunak nola diseinatzen diren, norentzat egiten diren, behar bereziak dituzten zer zailtasun dituzten... hartu dute kontuan berritze prozesuan parte hartu duten eragileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide