Udaltzaingoaren egoitza Olazko Amaren plazara lekualdatuko dute

Julene Frantzesena 2024ko abe. 20a, 08:40

Udaltzaingoaren egoitza berria kokatuko den lokala, Center Point akademiaren azpian. (Urtzi Oteiza)

Zortzigarren zenbakiaren ondoko eta Center Point ingeles akademiaren azpiko lokalean egokituko dute Udaltzaingoaren egoitza berria. Udalak erosi egin du lokala, eta datorren urtean hasiko da proiektuarekin. Ez dute zehaztu noizko egongo den prest egoitza berria.

Udaltzaingoaren egoitza Plaza Txikitik Olazko Andre Mariaren plaza lekualdatuko du Azpeitiko Udalak. Hala jakinarazi zuen erakundeak joan zen astearteko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, Olazko Andre Mariaren plazaren albo batean kokatuko dute udaltzainen egoitza berria, zortzigarren zenbakiaren ondoan eta Center Point ingeles akademiaren azpian.

Udalak erosi egin du lokal hori, eta datorren urtean egingo du egoitzaren proiektua. Proiektua osatu ostean, obrak lehiaketa publikora aterako ditu erakundeak. Plaza Txikiko Udaltzaingoaren egoitza txiki gelditu delako eta handitzeko baldintzak ez dituelako betetzen –gune uholdegarrian dago kokatuta– aldatuko dute lekuz zerbitzua. Ez dute zehaztu noizko egongo den prest egoitza berria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide