Laia Elortza, Peio Ziarsolo eta Stephanie Thurman, aurtengo Kirol Sarien garaileak

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 20a, 22:19

25. aldiz banatu dituzte Kirol Sariak gaur Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian, eta Laia Elortza Izarraitz elkarteko igerilariak, Peio Ziarsolo mendi korrikalariak eta Stephanie Thurman Iraurgi saskibaloi klubeko boluntarioak jaso dituzte sari nagusiak. Ohiko sari banaketaz gain, hainbat sorpresa izan dira: Koldo Aldalur kazetaria eta Mikel Sanjuan tailugilea omendu dituzte urteotan egindako lana tarteko.

2024ko Kirol Sariak banatzeko ekitaldia egin dute gaur, ostirala, Sanagustin kulturgunean, Koldo Aldalur kazetariak aurkeztuta. Aurtengoa ekitaldi berezia izan da; izan ere, 25. aldiz banatu dituzte gaur sari horiek, eta, beraz, hainbat sorpresa izan dira. Ohi bezala, urtean zehar egindako lana eta lortutako garaipenak aitortu dizkiete herriko kirolariei Azpeitiko Udalak eta kirol klubek, baina, horrez gain, Koldo Aldalur kazetaria eta Mikel Sanjuan tailugilea omendu dituzte gaurko ekitaldian, urteotan egindako lana tarteko. Izan ere, Aldalurrek aurkeztu du 25 urteotan ekitaldia –batean izan ezik–, eta Sanjuanek egin ditu urteotan banatu diren oroigarri guztiak. Gainera, erakusketa jarri dute Sanagustin kulturgunean hark egindako oroigarri guztiekin. Pozarren jaso dute biek ala biek aitortza.

Aurtengoan, 32 kirolari eta kirol elkarteetako boluntario izan dira Kirol Sarietarako hautagaiak. Horien artetik honakoak izan dira sari nagusia eskuratu dutenak: emakumeetan, Laia Elortza Izarraitz elkarteko igerilaria; gizonetan, Peio Ziarsolo mendi korrikalaria; eta boluntarioen artean, Stephanie Thurman Iraurgi saskibaloi klubeko kidea. Thurmanen ordez, haren alaba Haizeak jaso du saria. Sariak banatzen, berriz, udaleko ordezkariak aritu dira.

Hona hemen gaur sariak jaso dituzten kirolarien zerrenda:

Boluntarioak:

  • Nuria Agirrezabal: Galaktik areto futbol taldea.
  • Ander Alberdi: Izarraitz igeri elkartea.
  • Jexux Araneta: Urraki Eskuderia.
  • Xiker Aizpuru: Arauntza Riders.
  • Aitor Elustondo: Xaputarrak xake taldea.
  • Jexux Alberdi Katran: Lagun Onak mendi bazkuna.
  • Aitor Garate: Ikasberri kirol elkartea.
  • Aitor Etxezarreta: Lagun Onak futbol taldea.
  • Ehun Milak probaren antolatzaileak: herritarrak.

Gizon kirolariak:

  • Andoni Etxeberria: areto futbola (Galaktik).
  • Julen Amenabar: karatea (Azpeitiko Karate Taldea).
  • Eneko Martija: pala (Ilunpe Erreminta saila).
  • Aimar Egiguren: esku pilota (Ilunpe).
  • Ion del Cid: automobilismoa (Urraki eskuderia).
  • Xabier Aranburu: igeriketa (Izarraitz igeri elkartea).
  • Jubenil taldea: futbola (Lagun Onak futbol taldea).
  • Yeray Aizpitarte: saskibaloia (Iraurgi saskibaloi taldea).
  • Peio Ziarsolo: mendi lasterketa (Lagun Onak mendi bazkuna).
  • Eñaut Agirre: futbola (Ikasberri kirol elkartea).
  • Oier Eceiza: mendi bizikleta (Arauntza Riders).
  • Alejandro Monasterio: xakea (Xaputarrak xake taldea).
  • Josu Errazkin: txirrindularitza (Lagun Onak txirrindulari elkartea).
  • Jokin Maiz: atletismoa (Xeye atletismo taldea).
  • Aitor Mimenza: atletismoa (herritarrak).

Emakume kirolariak:

  • Infantil kategoriako taldea: gimnastika erritmikoa (Loretoki).
  • Kadete nesken taldea: futbola (Lagun Onak futbol taldea).
  • Domusa Teknik ISB taldea: saskibaloia (Iraurgi).
  • Erlo taldea (Saioa Iriondo, Maite Maiz eta Gema Segurola): mendi lasterketa (Lagun Onak mendi bazkuna).
  • Naroa Uria: mendi lasterketa (herritarrak).
  • Maite Etxezarreta: atletismoa (herritarrak).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide