Palestinako genozidioa gelditzeko eskatu dute, beste behin

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 21a, 08:37

Hainbat herritar, atzo, Sanjuandegiko biribilgunean elkartuta. (Nerea Uranga)

Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Sanjuandegiko biribilgunean, Elkar-ekinek deituta. "Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egin nahi dugu, presio bide eraginkorra izan daitekeelakoan", adierazi du taldeak.

Elkar-ekinek deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, Sanjuandegiko biribilgunean. Beste behin, han gertatzen ari den genozidioa gelditzeko eskatu zuten bildutakoek.

"Hilabeteak luze doaz Palestinan: hildakoen eta zaurituen zerrendak are luzeagoak dira. Genozidioak ez du etenik, eta komunikabideetan gero eta gutxiago ikusten dugun arren, hilketek eta suntsiketek egunerokoa izaten jarraitzen dute Gazan eta Zisjordanian. Palestinarrek askatasunean eta bakean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu, munduko herri eta herritar guztiek dugun moduan. Lotsa sentitzen dugu Europako Batasuna Israelekiko erakusten ari den jarrera konplizearekin, eta salatu nahi dugu Espainiako Gobernuak estatu sionistarentzat armak saltzen jarraitzen duela. Hori horrela, Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egin nahi dugu, presio bide eraginkorra izan daitekeelakoan. Bertako enpresei ere Israelekin dituzten harremanak eteteko deia luzatu nahi diegu, bereziki armagintzan inplikatuak dauden horiei", adierazi du Elkar-ekin taldeak.

Mezu hori zabaltzeko asmoz elkartu ziren atzo Sanjuandegiko biribilgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide