Urtarrilaren 25ean gerraren eta faxismoaren aurka egingo dituzten manifestazioak aurkeztu ditu GKSk

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 21a, 10:34

Atzo Azoka Plazan egindako aurkezpena. (GKS)

Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora lelopean deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak protestak, Bilbon eta Iruñean. Mobilizazio horren gakoak azaldu dituzte Azoka Plazan egindako saioan.

Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25erako deitu dituen manifestazioak aurkeztu zituen atzo, ostiralez, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Azoka Plazako goiko aretoan egin zuten Azpeitiko saioa, eta hainbat herritar bildu ziren bertan.

Urola Erdiko GKSk adierazi duenez, manifestazioaren aurkezpena hiru zatitan landu zuten. Batetik, aipatu zuten urtarrilaren 25eko manifestazioak gerraren eta faxismoaren aurka antolatu direla. Bestetik, "mendebaldeko agintariek gizartea gerrara" daramatela nabarmendu zuten. Hirugarrenik, faxismoaren zabalpena nola ari den gauzatzen Europan zehar aipatu zuten, eta hori "langilegoaren aurkako ideologia eta praktika bat" dela esan zuten.

Horren guztiaren aurrean gazteek mobilizatu beharra dutela nabarmendu zuen GKSk atzoko aurkezpenean, eta horregatik, urtarrilaren 25ean egingo dituzten manifestazioetara bertaratzeko deia egin zuten. Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora lelopean deitu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak protestak, Bilbon eta Iruñean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide