Zakura mutilek puntu bakarra eta neskek hiru

Nerea Uranga 2024ko abe. 23a, 15:00

Lagun Onak eta Beasainen kontrako partida, ostiralean Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Lagun Onakeko mutilen talde nagusiak Beasainen aurka berdinketa egin du. Emakumeek, aldiz, aise irabazi diete Touringekoei. Orain, atseden hartzeko tartea dute bi taldeek, denboraldiko hurrengo jardunaldia urtarrilaren 12ko asteburuan jokatuko baitute.

Joan den ostiralean, San Tomas bezperan, jokatu zuten gizonen futboleko Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakek eta Beasainek; 20:00etan, Garmendipeko futbol zelaian. Partidaren azken minutuak arte 1-0 irabazten joan zen Lagun Onak taldea, baina 93. minutuan Beasainek gola sartu eta banako berdinketarekin konformatu behar izan zuten Jose Luis Riberaren mutilek.

Partidaren lehen minututik Beasaingoak Azpeitikoei gain hartu nahian hasi ziren, baina hogeigarren minutuaren bueltan, Lagun Onakekoak aurkariak mendean hartzen hasi, eta pixkanaka, jokoa aurkarien atetik gertura eramatea lortu zuten. Lagun Onaken atean Jokin Arabiourrutiak lan bikaina egin zuen. Atsedenean hutsean zen markagailua. Bigarren zatia joko hobearekin hasi zuen Lagun Onakek, eta behin eta berriro saiatu ostean, Ander Bengoetxeak Lagun Onaken aldeko gola sartzea lortu zuen. Hala ere, gozoa zena azken momentuan mikaztu egin zen Riberaren taldearentzako, Beasainek gola sartu eta 1-1 bukatu baitzuen.

Erraz irabazita

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek San Tomas egunean, abenduaren 21ean, jokatu zuen Touringen kontra, Errenteriko Fanderia futbol zelaian. 2-4 egin, eta urtea bukatzeko hiru puntu garrantzitsu eskuratuta etxeratu ziren Lagun Onakekoak.

Intentsitate handiarekin jokatuz hasi zuten Lagun Onakekoek Touringen kontrako partida, eta hamar minutu pasatzerako, Kasinak gola sartuta 0-1 alde zuten markagailua. Atsedenera iritsi aurretik, aldeko beste bi gol sartuta zituzten Azpeitiko neskek, Juleneren eta Malenen bana. Hala, 0-3 adierazten zuen markagailuak atsedenean.

Bigarren zatian, beste gogortasun batekin jokatzera atera ziren zelaira Touringekoak. Hori antzeman arren, Lagun Onakekoek sasoiko daudela erakutsi zuten. Beren aldeko penalti batean huts egin zuten, eta segidan, gola sartu zieten Touringoek, eta denbora oso gutxian, bigarrena; markagailuan 2-3 jarriz. Dena den, berriro jokoari eustea lortu zuten, eta Joanen gol bati esker 2-4 jarri ziren markagailuan. Horrenbestez, hiru punturekin etxeratu ziren.

Lagun Onaken bi talde nagusiek atseden hartzeko aukera izango dute egunotan; izan ere, hurrengo jardunaldia urtarrilaren 12ko asteburuan jokatuko dute.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide