Arte Azoka ireki dute, eskualdeko zazpi sortzaileren erakusleihoa

Maialen Etxaniz 2024ko abe. 24a, 08:45

Artelana opari leloarekin Arte Azoka ireki dute Urolako zazpi sortzailek Betharram aretoan. Atzo ireki zuten erakusketa, eta irekita egongo da urtarrilaren 5era arte. Ikusgai dauden lan guztiak erosteko aukera izango dute herritarrek. 

Urola bailarako zazpi sortzaileren lanean oinarritzen den Arte Azoka ireki dute Betharram aretoan. Atzo, astelehenez, zabaldu zituen ateak, eta bertan izango da urtarrilaren 5era bitarte. Goxo eta koloretsu atondu dute erakusketa aretoa, museoa bailitzan. Hormetan jarri dituzte zintzilik koadro gehienak, baina lurrean zein egurrezko astoen gainean ere ikus daitezke hainbat. Aretoaren erdian, aulkiak eta mahaiak ipini dituzte, nahi duen oro eser dadin. "Gure asmoa zen eremu goxoa sortzea, pasabidea baino, topo egiteko lekua izan dadin;", azaldu du Arte Azokaren sustatzaile Olatz Aguadok. Haren burutapena izan zen Arte Azoka irekitzea, baina beste hainbat bidelagun izan ditu ondoan, eta elkarlanaren fruitua da atzo irekitako proiektua. 

Zazpi artistaren lanak aurki daitezke aretoan zehar sakabanatuta; hain zuzen, Olatz Aguadorenak, Pedro Luengorenak, Olatz Alkortarenak, Mai Vazquezezak, Gorka Larrañagarenak, Michelle Abregorenak eta Iñaki Andres Alberdirenak. Sortzaile bakoitzak bere estiloari jarraiki egindako lanak jarri ditu ikusgai Betharram aretoan. Besteak beste, margolanak, koadroak, collageak, erretratuak, argazkiak eta askotariko teknikez egindako ilustrazioak bildu dituzte esposizioan. 

Duela urte batzuk Zelai Luzeko erabilera anitzeko espazioan egindako erakusketan ditu hastapenak atzo irekitako Arte Azokak. Horrela azaldu du Aguadok: "Aspalditik neukan buruan Arte Azoka egitearen ideia, eta badu, nolabait, lotura Zelai Luzen egin genuen azokarekin; izan ere, esperientzia hura oso ondo joan zen. Aurten, Betharram aretoan zerbait egitearen ideia otu zitzaidan, baina aretoa ikustean, niretzako oso handi gelditzen zela iruditu zitzaidan. Era berean, gustatzen zait komunitatea sortzea eta uste dut gure herrian badagoela sortzaileen taldetxo bat. Beraz, aurrena Zelai Luzen elkarrekin egon ginen sortzaileengana jo nuen, eta, ondoren, lehendik ezagutzen nituen sortzaileengana. Nire asmoen berri eman nien, animatu egin ziren, eta hortik dator egitasmoa".

Halaber, antolatzaileek nabarmendu dute, arreta berezia jarri dutela espazioaren dekorazioan, "eremu erosoa" izan dadin. Hori dela eta, bidelagun izan dituzte Ana Tena eta Amaia Garcia dekoratzaileak. "Horiek eman diete kanpo begirada espazioari, eta haiek atondu dute erakusketa", adierazi du Aguadok. 

 "Tamaina txikiko eta ertaineko lanak" jarri dituzte Arte Azokan, eta prezioak ere proportzionalak direla aurreratu dute; izan ere, ikusteko ez ezik, saltzeko ere izango dira artelanak. Horregatik jarri diote Artelana opari leloa proiektuari. 

Ikusgai eta salgai

Artistek erakusgai jarri dituzten lan guztiak erosteko aukera izango dute herritarrek, haiekin harremanetan jarrita. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aretoaren sarreran eskuragarri daude artista guztien kontaktuak eta sare sozialetako erabiltzaileak, modu horretan harremana errazteko. Ordainketak Bizum aplikazioaren bitartez egiteko aukera izango da.  

Arte Azoka Betharram aretoaren ohiko ordutegian irekiko dute, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta jaiegunetan zein asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. Dena den, antolatzaileek azaldu dutenez, ordutegi horretaz gain, artistaren batek edo bestek bertan egoteko aukera duenean edo nahi duenean ere ireki dezake erakusketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide