Dozenaka herritar "euskal presoen etxeratzea” eskatzeko elkarretaratu dira

Nerea Uranga 2024ko abe. 25a, 10:06

Azpeitiko Sarek deituta atzo arratsaldean plazan egindako elkarretaratzea. (Azpeitiko Sare)

Sareren Behin betiko dinamikaren barruan elkarretaratzea egin dute plazan. Azpeitiko Sareren hurrengo deialdia iganderako da. 18:30ean hasita, giltza-katea egingo dute.

Sarek Behin betiko izeneko dinamika du martxan, euskal presoen egoerarentzako konponbidea aldarrikatzeko helburuz. Azpeitiko Sarek ere bat egin du dinamika horrekin, eta atzo arratsaldean Euskal presoak etxera. Gotzon gurekin lelo hartuta elkarretaratzea egin zuen plazan. Mobilizaziora dozenaka herritar batu ziren.

Bigarren ekitaldi bat ere prestatuta du Azpeitiko Sarek Behin betiko dinamikaren barruan: abenduaren 29an, igandean, 18:30ean izango da. Kasu horretan, giltza-katea egingo dute Perez Arregi plazatik hasi eta herriko plazara arte. Herritarrak bertan parte hartzera deitu dituzte.

Urtarrilaren 11n Bilbon Sarek deituta egingo den manifestazio nazionalera joateko deia ere egin dute Azpeitiko Sarekoek; 17:00etarako jarri dute hitzordua, La Casillan. Hara joateko autobusak antolatuko dituzte Azpeitian ere –aurrerago emango dute horri buruzko informazioa–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide