Zelai Luzetik irtenda, ibilbide berriarekin jokatuko da aurtengo San Silbestre lasterketa

Nerea Uranga 2024ko abe. 26a, 09:00

Azpeitiko 23. San Silbestreren aurkezpena, astelehenean udaletxean. (Nerea Uranga)

Probaren irteera zabaltzeko lekualdatu dute hasiera puntua herriko plazatik Azoka Plaza atzera. Sei kilometroko proba nagusirako beste 50 dortsal jarriko dituzte salgai gaur arratsaldean.

Astelehenean aurkeztu zuten udaletxean berrikuntza ugarirekin datorren Azpeitiko 23. San Silbestre lasterketa. Agustin Jimenez Xeye atletismo taldeko kideak eta probaren antolatzailea denak, Julen Esteban Marea Urdineko kideak, Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak, Aitor Mimenza eta Jone Zabaleta atletek eta ADI Arte eta Diseinu ikastegiko ordezkariek parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian. Oteizak eskertu egin zituen probaren antolatzaileak, eta Urtezahar eguneko goiza San Silbestre lasterketarik gabe ez litzatekeela berdina izango nabarmendu zuen Kiroletako zinegotziak, eta horren erakusgarri dela dortsalak hain azkar bukatu izana.

Hain zuzen ere, San Silbestreko sei kilometroko proba nagusirako salgai jarritako mila dortsalak bost egunetan saldu zituzten antolatzaileek. Hala ere,. eskaria kontuan hartuta, gaur, abenduak 26, arratsaldeko 18:00etan beste 50 dortsal jarriko dituzte saltzen Kirolprobak.com webgunean. "Probaren ezaugarriak kontuan hartuta mila dortsal baino gehiago jartzea ezinezkoa da, baldintzak ez liratekeelako beteko. Beraz, kopuruz muga hori errespetatu beharra daukagu", azaldu zuen Jimenez probaren antolatzaileak. Horrez gainera lasterketa posible egiten duten laguntzaileak  eta babesleak eskertu zituen. Azpeitiko Udala aipatu zuen, bai proba aurrera eramateko antolakuntzan nahiz ekonomikoki emandako sostenguagatik.

Irteeran eta ibilbidean berrikuntzak

Hiru proba jokatuko dira abenduaren 31n, Azpeitiko kaleetan. 11:00etan hasiko da lasterketa inklusiboa herriko plazatik, eta 300 metroko ibilbidea izango du. Proba inklusiboan ez da sailkapenik eta izen-ematerik egongo, eta haurrek nahiz helduek parte hartu ahal izango dute, elkarrekin. Alde Zaharreko kaleetan barrena egingo dute proba, eta urtero bezala, Txolarte, Marea Urdina eta Gautenako kideek irekiko dute lasterketa.

Lasterketa laburrak hiru kilometro izango ditu, eta 11:30ean hasiko da, Azoka Plazaren atzetik, Zelai Luzetik. 12 urtetik gorako gazteei eta helduei zuzendutako proba da, eta lehen kilometroa kontrolatuta egingo dute. Proba horren helburua da urteari "lagun artean eta giro onean" amaiera ematea.

Lasterketa nagusia sei kilometrokoa izango da, eta 12:00etan hasiko da. Aurtengoan, irteera herriko plazan izan beharrean Zelai Luzen izango du, Azoka Plazaren atzean hain justu. Ibilbidea ere berria izango du, baina batik bat herrigunearen barruan kokatu dute. "Sokamuturra izaten den kale guztietatik igarotzen da", nabarmendu zuen aurkezpenean erdi txantxetan Jimenezek. "Ibilbidea herrigunean sartzeko ahalegina egin dugu, behin errepide nagusira irtenda baimenak eta tramiteak zailagoak direlako", erantsi zuen ibilbideaz antolatzaile taldeko kideak. Ibilbideari erantsi dizkioten zati berriak honakoak dira: Iberotarren plaza, Jose Artetxe kalea eta Pablo VI.a auzoa.

Lasterketaren gunean eta Alde Zaharrean abenduaren 31n 11:30etik 13:00ak bitartean autoz ez ibiltzeko eskatu diete antolatzaileek herritarrei.

Helmugan jan-edana egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. 

Dortsalak abenduaren 29an, 30ean eta 31n banatuko dituzte Azoka Plazan. Antolatzaileek azaldu dutenez, 300 dortsal atera dituzte hiru kilometroko lasterketarako eta 1.000 dortsal proba nagusirako. Dortsalik gabe proban ez ateratzeko eskatu dute antolatzaileek, "arazoak izan daitezkeelako".

Boluntarioen beharra

Lasterka parte hartu ez dutenei ere dei egin diete probaren antolatzaileek, probaren egunean bertan bidegurutzeak zaintzeko eta muntaketarako boluntarioak behar izaten dituztelako, hala adierazi zuen Jimenezek: "Boluntarioen lana ere ezinbestekoa da San Silbestre lasterketak ondo irteteko, eta boluntario izena ematera animatu nahi ditugu herritarrak".

Boluntario jarduten dutenei kamiseta eta xira bana emango diete, eta asegurua barne ariko dira. Beraz, abenduaren 31n San Solbestre lasterketan boluntario jardun nahi dutenek honako loturan eman behar dute izena.

Kirol ekitaldi inklusiboa

Iazko San Silbestrerako sortutako sei esaldiei (probaren kilometro bakoitzeko bana) sei irudi sortu dizkiete aurtengoan. Horretarako, Arte eta Diseinu eskola elkarteko kideak izan dituzte bidelagun. "Lasterketan bezala, inklusibitatea irudikatu nahi izan dugu kirola eta festa uztartzen dituen urtearen azkenengo hitzorduan. Hala, Marea Urdinari eta bere inguruko guztiei keinu eginez, irudiak probaren kilometro bakoitzean kokatuko ditugu, eta aurtengo probaren kamisetaren atzealdean azaltzen dira", azaldu du Jimenezek.

Ordutegiak

Dortsalak jasotzeko:

  • Abenduaren 29a, igandea. 18:00 - 20:00 Azoka Plazan.

  • Abenduaren 30a, astelehena: 18:00 - 20:00. Azoka Plazan

  • Abenduaren 31. 09:00 - 11:00. Azoka Plazan.

San Silbestre lasterketak, abenduak 31:

  • 11:00. Lasterketa inklusiboa. Irteera udaletxearen aurretik.

  • 11:30.: 3 kilometroko lasterketaren irteera, Azoka Plazaren atzealdetik, Zelai Luzen.

  • 12:00.: 23. Azpeitiko San Silbestrea, 6 kilometroko proba. Irteera Azoka Plazaren atzealdetik, Zelai Luzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide