Azpeitia Gukak jakin duenez, Espainiako musikaren industrian ezaguna den enpresa batek aire libreko musika jaialdi bat antolatzeko egitasmoa abiatu du, eta hori egin ahal izateko baimenak lortzeko izapideak aurkeztu ditu hainbat erakundetan. Guka jaialdia antolatu asmo duen enpresarekin jarri da harremanetan, eta honek eskatu dio bere izenik ez argitaratzeko, baina argitu dio musika jaialdia Goenako kanpan egitea nahiko lukeela eta uztaileko bigarren asteburuan.
Aire libreko musika "jaialdi handi bat" izango dela adierazi dio Gukari enpresa horrek, eta programatu nahi dituzten musika taldeen artean "sorpresak" izango direla. Ez du, ordea, musika taldeen izenik ematerik ere nahi izan: "Euskal Herrikoak, Espainiakoak eta Frantziakoak dira musikariak". Hiru egunetan egin nahi dute musika jaialdia, ostiralean hasi eta igande eguerdira arte.
Goena zergatik aukeratu duten galdetuta, honakoa adierazi dute enpresaren ordezkariek: "Goena leku ederra da, herrigunetik ez dago hain urruti, autoz datozenek aparkalekuak Landetako industrialdean utzi ditzakete, autobus geltokiak ere oinez joateko moduan daude... Horrez guztiaz gainera, Azpeitiaren kokagunea ere interesgarria da: kostatik gertu dago, ostatuak Azpeitian bertan badaude, baita inguruko herrietan ere".
Enpresako kideek herriko eragileekin harremanetan jartzeko asmoa ere azaldu dute musika jaialdiarekin osagarri izan daitezkeen bestelako ekitaldi batzuk antolatzeko. Aurretik, ordea, baimenak lortu nahi dituzte, eta behin horiek izandakoan "jaialdiaren izaera eta izana" aurkeztuko dituzte. Hori "otsailaren aurrenerako" izatea espero dute.
Abenduak 28, 18:00: Azpeitia Gukak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.