Urtarrilaren 25eko manifestaziora begira komiteak antolatzeko batzarrak egingo ditu Urola Erdiko GKSk

Maialen Etxaniz 2024ko abe. 29a, 13:15

Urtarrilaren 25eko manifestazioaren inguruko xehetasunak emateko aurkezpen bateko irudia. (Urola Erdiko GKS)

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan batzar bana egingo dute. Azpeitikoa eta Azkoitikoa abenduaren 30ean izango da eta Zestoakoa urtarrilaren 3an. Era berean, manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte. 

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean faxismoaren eta gerraren aurka egingo dituen manifestazioetarako lanketan jarraitzen dute Urola Erdiko GKSko kideek. Abendu hasieran egin zituzten aurkezpenen ostean, orain, komiteak sortzeko, aurkezteko eta lanak banatzeko batzarrak deitu dituzte Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. 

Azkoitikoa eta Azpeitikoa bihar, abenduaren 30ean, egingo dituzte. Azkoitian, 11:30ean elkartuko dira Elkargunean, eta Azpeitian 17:00etan Gaztetxean. Zestoakoa urtarrilaren 3an egingo dute, 11:00etan hasita, Gaztetxean. 

Mugimendu Sozialistako gazte antolakundearen arabera, Mendebaldeko agintariek "gerraren aldeko apustua" egin dute, eta oligarkia atlantistaren agenda "aurrekontu militarrak handitzean, armagintza industria indartzean eta estatuak militarizatzean" oinarritzen da, baita "osasungintza, hezkuntza eta prestazio sozialak murriztean" edo "eskubide zibilak eta politikoak urratzean" ere. Horren aurka agertu da GKSk. Era berean, faxismoa "bere adierazpen guztietan" goraka ari dela dio gazte antolakundeak, eta faxismoari eremu guztietan aurka egitearen garrantzia aldarrikatu du, kalean zein sarean. Euskal Herrian "faxismoaren adierazpen berriak" agertzen ari direla ohartarazi du GKSk, eta "olatu erreakzionarioa" gelditzera deitu ditu gazteak.

Horretarako deitu dituzte komiteak eta batzarrak. "Manifestaziora begira gazteon inplikazioa ezinbestekoa da, eta bere alea jarri nahi duen orori komiteetan parte hartzeko deia egin nahi diegu", adierazi dute Urola Erdiko GKSko kideek. 

Autobusetarako izen-ematea

Era berean, manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Urola Erditik. Horietan izena emateko orriak dagoeneko eskuragarri daude hiru herrietan. Azpeitian Haginpe tabernan eman daiteke izena; Azkoitian Dean tabernan eta Zestoan Mollergi tabernan. 

Aurrerago jakinaraziko dituzte autobusen joan-etorrien ordutegiak.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide