Abenduaren 31n gizon bat atxilotu zuten Azpeitian, genero indarkeria leporatuta, eta Urola Erdiko Itaiak gertaera salatu eta "erasotuari babes eta elkartasun osoa" adierazi dizkio.
Itaiak egun horretan bertan egin zuen eraso matxistak salatzeko kale bira, eta han adierazi zuten moduan, "balantze iluna" utzi du 2024ak, "bai eskualdean, bai Euskal Herrian". Itaiak egindako zenbaketaren arabera, 2024an sei erailketa matxista izan dira Euskal Herrian, eguneko 28 eraso matxista Hego Euskal Herrian, eta gutxienez 43 eraso matxista salatu dituzte Urola Erdian.
"Datuak beldurgarriak dira, eta argi erakusten dute gaur egun oraindik emakumeok zapaldutako posizio batean jarraitzen dugula. Baina aipatutakoa bezain kezkagarria da errealitatea ukatzen duen diskurtsoa gaur egun geroz eta zabalduago egotea: indarkeria matxista ez dela existitzen diote, emakumeon aurkako zapalkuntza asmakizun ideologikoa dela edo erasoak aprobetxatzen dituzte soilik diskurtso arrazistak eta faxistak zabaltzeko. Horrelako ideia atzerakoiak zabaldu nahian dabiltza alderdi eskuindarrak eta ultraeskuindarrak, baita kale mailako eta sare sozialetako kolektibo faxistak ere. Kontuan izan behar dugu matxismoaren existentzia ukatzeak zuzenean emakumeoi egiten digula kalte, eraso matxistak normalizatzen dituelako eta erasotzaileen inpunitatea handitzen duelako", adierazi du Itaiak.
"Emakumeek sufritzen duten arazo larrienetakoa"
Itaiaren arabera, nahiz eta matxismoa "emakumeek sufritzen duten eguneroko arazo larrienetakoa" izan, "azken urteetan guztiz normalizatzen ari da, eta horrekin batera, kale mailako borroka itzaltzen joan da". Egoera horri buelta ematea "ezinbestekoa" dela uste du antolakundeak.
Horregatik guztiagatik, Itaiak adierazi du emakumeek "matxismoaren aurkako lehen lerroen" egon behar dutela, baina, aldi berean, "oso garrantzistua" dela "gizarte osoa erasoen aurka mobilizatzea eta antolatzea". Itaiak azaldu du "2025ean ere eraso matxista guztiak salatzen eta desnormalizatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen, diskurtso erreakzionarioei eta hura zuritzen duten alderdi eta sektoreei aurre egiten eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan geroz eta jende gehio antolatzen jarraitzeko konpromisoa" hartzen duela.
"Emakumeon sufrimendua areagotzen duelako eta emakumeok zapalduta mantentzen gaituelako, jarrai dezagun indarkeria matxistaren aurka borrokatzen eta antolatzen", adierazi du antolakundeak.