Faxismoari aurre egin lelopean, hitzaldia eta bazkaria egingo dituzte bihar, larunbata, Esklabak Zentro Sozialistan. Faxismoaren gorakadak kezkatuta, herritarrak horretaz ohartarazteko helburuarekin antolatu ditu bi jarduerak Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. 12:00etan hasiko den hitzaldian, ideia erreakzionarioen gorakadaren arrazoiez eta horiei aurre egiteko beharraz ariko dira, eta ondoren egingo dute bazkaria.
Egoeraren larritasunaz jabetzeko, faxismoaren gorakadaren erakusgarri diren zenbait datu eman ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, eta honakoak dira: "2014tik, 28.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan; azken urtean, eraso arrazisten erdiak polizia indarrek egin dituzte Bizkaian; lau eurodiputatutik bat, ultraeskuindarra da; immigrazioa herritarren laugarren kezka iturri izatetik, kezka iturri nagusia izatera igaro da bi hilabetean; migrazio politikak gogortzeko ituna sinatu du Europar Batasunak 2024an; zaintza sektorean lan egiten dutenen %63 emakume etorkinak dira; eta lau mutil gaztetatik batek uste du indarkeria matxista asmakizun ideologiko bat dela".
Ideia horietaz eta beste hainbat kontutaz ariko dira biharko hitzaldian, eta interesa duten herritar guztiei bertaratzeko gonbidapena egin diete, nola hitzaldira, hala bazkarira ere.