Abenduaren 31an gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, genero indarkeria leporatuta, eta Azpeitiko Udalak gogor gaitzetsi ditu eraso hori eta emakumeen kontrako indarkeria oro. "Horrelako gertaerarik ez dugu onartzen gure herrian, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen", adierazi du erakundeak.
Laguntza eta babes osoa eskaini dizkio erasoa jasandako emakumeari, baita haren ingurukoei ere, eta esan du erasotuaren esku jarriko dituela eskura dituen informazio eta baliabide guztiak, eta prest dagoela bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia emateko ere.
Azpeitiko Udalaren ustetan, "emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazoa da, emakumeak kontrolpean eta mendean mantendu nahi dituen sistema baten adierazpen argia". Indarkeria mota hori ekintza isolatuen edo zorizko gertakarien emaitza ez dela adierazi du; "aitzitik, generoen inguruko aurreiritzi eta estereotipo errotuen ondorio zuzena da".
Erakundearen esanetan, "genero indarkeria kasuak, hau da, bikotekide edo bikotekide ohiengandik jasandako erasoak, emakumeen aurkako indarkeria lazgarrienetako bat dira, eta arazo horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko balioak sustatzea eta indartzea". Bide horretan, berdintasun politikak garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. "Lanean jarraituko dugu herriko esparru eta gune ezberdinetan indarkeria matxistaren zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte".
Bukatzeko, erasoren baten aurrean herritarrek eskura dituzten telefono zenbakiak zeintzuk diren gogorarazi du, eta honakoak dira:
- Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92
- Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13
- Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00
- Ertzaintza: 112