Atzo arratsaldean Ertzaintzak emakume bat atxilotu zuen Azpeitian, saltoki batean lapurreta egin, hango langile bati erasotu eta ihes egin ostean. Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman duenez, 17:10 aldera, supermerkatu bateko langileek emakume bat eta beste gazte bat aparkalekuan harrapatu zituzten 450 eurotik gorako balioa zuten produktuz betetako orga batekin. Ertzaintzak bertaratu zirenerako, baina, ihes eginak ziren ustezko lapurrak. Langileek esandakoaren arabera, aparkatuta zegoen ibilgailu batean ihes egin zuten, aurrez saltokiko langileetako bati eraso eginda.
Handik minutu gutxira atzeman zituen Ertzaintzak Azkoitira iristear zirela, eta autoko sei bidaiariak identifikatu zituen, tartean lapurretaren ustezko egileak ere bai. Emakumea atxilotu egin zuten indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita, eta adingabea ikertu egin zuten gertakari horiengatik. Atxilotua Ertzain etxera eraman zuten beharrezko eginbideei hasiera emateko, eta, horiek amaitutakoan, epailearen esku utziko dute.