Indarkeria matxista desnormalizatzeko borrokara batzeko deia egin du Itaiak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 5a, 09:41

Atzo arratsaldean Itaiak deituta plazan egin zuten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Barakaldoko hilketa salatu eta hildako emakumearen familiakoei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete, Itaiaren deiari erantzunez, plazan batu diren dozenaka lagunek. Nazkatuta daudela adierazi dute, indarkeria matxista emakumeek egunerokoan jasan behar duten gaitzik gordinenetakoa izan arren, geroz eta inpaktu txikiagoa sortzen duelako jendearen artean. Horren kontra borrokatuko direla adierazi dute, eta borroka horretan norbere aletxoa jartzeko eskatu diete gainontzeko herritarrei ere.  

Ostiral arratsaldean Barakaldon izandako hilketa matxistaren aurrean, Itaiak elkarretaratzera dei egin zuen atzo arratsalderako, eta haren deiari erantzunez, dozenaka izan ziren 19:00etan herriko plazara bertaratu ziren herritarrak. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! zion pankartaren atzean jarrita, hilketa gaitzetsi zuten batetik, eta hildako emakumearen familiakoei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi zizkieten bestetik.   

Eta ez hori bakarrik; "nazkatuta" daudela ere adierazi zuten. 2024ak utzitako zenbaki "gordinak" gogora ekartzeko baliatu zuten bilkura: Euskal Herrian sei hilketa matxista, eta eskualdean bertan gutxienez 43 eraso matxista, azkena abenduaren 31n bertan. "Eta hemen gaude, urte hasi besterik ez denean egin, beste erailketa matxista bat salatzen".

Itaiaren ustetan, zifra horiek agerian uzten dute emakumeak oraindik ere zapaldutako posizio batean daudela. "Ez dugu onartuko indarkeria matxista existitzen ez dela edo asmakizun ideologiko bat dela bezalako ideiak zabaltzerik, indarkeria matxista ukatzeak horiek normalizatzen dituelako eta erasozaileen inpunitatea handitzen duelako". 

Indarkeria matxista emakumeek egunerokoan jasaten duten "gaitzik gordinenetakoa" izan arren, jendearen artean geroz eta inpaktu txikiagoa sortzen duela uste du Itaiak, eta egoera horri buelta emateko bidea "antolatzea eta borroka egitea" direla iritzi dio. "Emakumeok lehen lerroan egon behar dugu, baina ez da nahikoa; gizarte osoaren inplikazioa behar da".

Itaiak eta atzo plazan bildutako herritarrek aurrerantzean ere borrokan jarraituko dutela berretsi zuten, "eraso matxistak desnormalizatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta ideologia matxista eta atzerakoiei eta horiek zuritzen dituzten alderdiei eta sektoreei aurre egiten", eta borroka horretan norbere alea jartzeko deia egin zieten gainontzeko herritarrei ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide