Faxismoari aurre egin lelopean, hitzaldia eta bazkaria egingo zituzte atzo Esklabak Zentro Sozialistan. Faxismoaren gorakadak kezkatuta, herritarrak horretaz ohartarazteko helburuarekin antolatu zituen bi jarduerak Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, eta dozenaka lagun joan ziren hitzaldia entzutera zein bazkaltzera.
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren arabera, azkenaldian ugaritzen ari dira ideia erreakzionarioak, eta horren erakusgarri eta ondorio dira ondorengo baieztapen hauek: "2014tik, 28.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan; azken urtean, eraso arrazisten erdiak polizia indarrek egin dituzte Bizkaian; lau eurodiputatutik bat, ultraeskuindarra da; immigrazioa herritarren laugarren kezka iturri izatetik, kezka iturri nagusia izatera igaro da bi hilabetean; migrazio politikak gogortzeko ituna sinatu du Europar Batasunak 2024an; zaintza sektorean lan egiten dutenen %63 emakume etorkinak dira; eta lau mutil gaztetatik batek uste du indarkeria matxista asmakizun ideologiko bat dela".
(Argazkiak: Urola Erdikko Kontseilu Sozialista)