Gabonak igarota, ohiko martxara itzuliko da bihar Burdinbidearen Euskal Museoa. Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era izango da zabalik, eta igandeetan nahiz jaiegunetan, berriz, 10:30etik 14:00etara.
Euskotrenek kudeatzen duen museoan Europako tren multzo onenetarikoa dago ikusgai. Askotariko ibilgailuak daude han: lurrun makinak, diesel makinak nahiz makina elektrikoak; automotorrak; bagoiak... Gainera, Urolako Trenaren garai bateko tailerrean erabilitako makina erreminta multzo osatua ikus daiteke museoan, baita XIX. mendearen amaieraz geroztik trenbideetan erabilitako uniformeak ere. Halaber, munduko trenbide erlojuen bilduma eder bat ere bisita daiteke.
Gainera, museoan erakusketa iraunkor berezi bat jarri dute: Espainiako Gerran eta frankismoan eskulana egiteko esklabu izan ziren eta bortxazko lanak egin zituzten biktimei eskainitako erakusketa.
Bestalde, udaberritik udazkenera bitartean, lurrun trenean ibiltzeko aukera izaten dute bisitariek. Hain zuzen ere, museotik Lasaora joan-etorria egiten dute trenek urte sasoi horretan. Gaur-gaurkoz, beraz, ez da martxan zerbitzu hori.
2024ko hainbat datu
Euskotrenek jakinarazi duenez, joan berri den urtean 300 egunez izan zen zabalik museoa, eta 26.175 bisitari hartu zituen guneak, 2023an baino gehiago –25.361 bisitari izan ziren orduan–. Iaz, gainera, 13. 385 lagunek egin zuten Lasaora joan-etorria lurrun trenean, aurreko urtean baino gutxiagok –13.746 lagunek egin zuten bidaia 2023an–.
Dena den, lurrun tren zerbitzuaren kontratazioak "marka historikoa" egin zuela adierazi dute arduradunek. Izan ere, 113 zirkulazio berezi egin zituen trenak, 2023ko 84 zerbitzuak aise gaindituz. Zerbitzu horiek, batez ere, eskola taldeek, gizarte kolektiboek eta bidaia agentziek kontratatzen dituzte.