Musikari dagokionez, asteburu oparoa izango da datorrena. Izan ere, lau talderen kontzertuez gozatu ahal izango dute herritarrek ostiralean eta zapatuan Sanagustin kulturgunean.
Askotariko musika estiloak hartuko ditu kulturguneak bi egun horietan; izan ere, ostiralean rock doinuak eramango dituzte Tatxers eta Ezezez taldeek agertokira. Euskal rockaren eszenan punta-puntan dabilen taldea da Iruñeko Tatxers. 22:30ean hasiko dira emanaldiak, eta sarrerak eskuragarri daude Kulturazen webgunean, hamahiru eurotan.
Zapatuan, berriz, bakarkako bidea sendo egiten ari den Josune Arakistain izango da Sanagustinen. Huntza taldearekin bide oparoa eginda, Süne gisa ari da kontzertuak eskaintzen musikaria. Lehen diskoa kaleratu zuen azaroan, Amaineman izenekoa, eta han bildutako doinuak eskainiko ditu jendaurrean 22:00etatik aurrera. Hark ez ezik, La Fulanak ere eskainiko du kontzertua larunbatean. Emanaldi horietarako sarrerak salgai daude, honako lotura honetan.