Igandean eta astelehean bi film ikusteko aukera izango da Soreasu antzokian. Igandean, 16:30ean hasita, Deep sea. Sakontasunera bidaia bat animaziozko lana ikusi ahal izango da; egun horretan bertan 19:00etan eta astelehenean 21:00etan, berriz, Dahomey dokumentala emango dute. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskura daitezke, baita emanaldien aurretik Soreasuko lehiatilan ere.
Deep sea. Sakontasunera bidaia bat filma Txinan egina da, eta Tian Xiao Peng da zuzendaria. Honako hau da ikus-entzunezko lan luze horren sinopsia: "Shenxiu, txikitan amak bakarrik utzi zuen neskatoa, oporretan itsas bidaia batera joaten da familiarekin. Gau batean, itsasotik etorritako dei bati jarraituz, itsaspean dagoen jatetxe dotore batera joaten da. Neskatoak ez du susmatzen, ordea, horrek guztiak amarekin zerikusirik duenik".
Dahomey, berriz, Senegalen egindako ikus-entzunezkoa da, Mati Diopek zuzendutakoa. Honako hau da lan horren sinopsia: "2021eko azaroa da, eta Dahomeyko Erresumako 26 errege-altxor Paristik eramateko zorian daude, gaur egungo Beningo Errepublikara itzultzeko. Beste milaka batzuekin batera, objektu horiek tropa kolonial frantsesek arpilatu zituzten 1892an. Baina zer jarrera hartu erlikia horiek etxera itzultzean? Eztabaida zabalik dago Abomey-Calaviko Unibertsitateko ikasleen artean".