Noiz eta nola hasi zinen josten?
Txikitatik ikusi izan dut ama josten, bere ondoan egoten nintzen hark josi bitartean. Josten irakasteko eskatzen nion, baina inoiz ez genuen horretarako tarterik hartzen. Pandemian, "hau da momentua!" esanda, josteko makina hartu eta josten hasi nintzen. Hasieran, konponketak eta gauza txikiak egiten nituen. Handik hilabete batzuetara, haurdun zegoela esan zidan ahizpak, eta iloba txikiarentzat arropak egiten hastea otu zitzaidan. Abiapuntua hori izan zuen nire josteko proiektuak, eta orain dela urte eta erdi serio heldu nion kontuari.
Haurren arropak josten al dituzu?
Bai. Ilobagatik hasi nintzen haurren arropak egiten, eta gustatu egin zitzaidan. Helduentzako gonak josten ere probatu nuen, baina ez zen lan erakargarria niretzat. Orain, helduentzako jertse eta alkandora batzuk egin ditut, eta hobeto. Pixkanaka, helduentzako arropa gehiago jostea gustatuko litzaidake, baina gehienbat haurren arropa jostea gustatzen zait niri.
Informatika baino nahiago al duzu jostea?
Orain arte informatikaren alorrean egin dut lan, lana eta jostea, biak uztartuz. Aurten, baina, lana pixka bat aparte uztea erabaki dut, eta nire josteko proiektuari indarra ematea. Hala ere, Irakaskuntza masterra egiten ari naiz, badaezpada zerbait edukitzeko, ez baitakigu etorkizunak zer ekarriko duen.
Nola saltzen duzu zuk egindako lana?
Batik bat artisau azoketan saltzen dut. Horrez gain, lau salmenta gune ditut: Azpeitian Ilargi mertzerian, Oiartzunen [Gipuzkoa], Lesakan [Nafarroa] eta Donibane Lohizunen [Lapurdi]. Salmenta guneekin sare sozialen bidez egin dut harremana. Sare sozialek, saltzeko baino, ezagutarazteko balio izan didate. Hurrengo urtera begira, webgune bat egiten ari naiz.
Artisau azoketan nolakoa izan ohi da salmenta maila?
Herriaren arabera, egunaren arabera... asko aldatzen da. Esaterako, artisau azoka batera joan nintzen bigarren aldian, ez nuen ezer saldu. Lehen azoka, ordea, ez zen batere gaizki joan. Beraz, bi aldeak ezagutzeko balio izan dit. Azoka ez da betiko edota ohiko bezeroak dituzun leku finko bat. Ezagutarazten joan behar da, lekua egiten. Oro har, azoka denetan saldu izan dut zerbait, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Adibidez, Azpeitian postua jarri izan dudanetan, erantzun ona jaso izan dut.
Euskal Herri mailan ibiltzen zara, ezta?
Bai, baina pentsatu izan dut Espainiako Estatuko azoketara joatea ere. Urrutira mugitzekotan, ordea, ez du gehiegi merezi egun soil bateko azoketara joateak; behin hasita, hobe da astebete inguruko azoketara joatea. Horretarako, ordea, stock handia behar da, eta ezin naiz denera iritsi. Adibidez, elkarteko kide bat asko mugitzen da Espainian, eta berarekin joatera gonbidatu izan nau. Horretarako, ordea, lan asko egin behar da aurretik.
Eta etorkizunera begira, zer?
Joskintzatik bizitzea asko gustatuko litzaidake. Produkzioa handitu ahala, langile gehiago kontratatzeko aukera izatea ere gustatuko litzaidake, baina hori oso urrutiko amets bezala irudikatzen dut. Momentuz, proiektua ezagutaraztearekin konformatzen naiz.