Juan Joxe Unanue 'Goenatxo II'.ak zabalduko du Añotako txotx denboraldia

Julene Frantzesena 2025ko urt. 7a, 09:22

Hainbat lagun iazko txotx irekiera ekitaldian. (Iraia Oteiza)

Larunbat eguerdian, 13:30ean hasita, egingo dute ekitaldia. Harri jasotzaile ohi azkoitiarrak zabalduko du aurtengo denboraldia. Txotx irekiera jaialdira joan ahal izateko aurrez erreserba egin beharko da.

Gabonak igaro berritan, txotx denboraldiaren bueltako irekiera ekitaldiak egingo dituzte han eta hemen. Elosiaga auzoko Añota sagardotegian, esaterako, larunbatean zabalduko dute denboraldia.

Aurtengoan, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a harri jasotzaile ohi azkoitiarra arduratuko da txotxa zabaltzeaz. Eguerdian egingo dute aurtengo ekitaldia; 13:30erako jarri dute hitzordua. Laja eta Lutxurdio trikitilariak ariko dira giroa alaitzen, eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Sebastian Lizaso bertsotan. Sagardo berria dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Txotx irekiera jaialdira joan ahal izateko aurrez erreserba egin beharko da, 943-81 20 92 telefono zenbakira deituta. 50 euro ordaindu beharko dute herritarrek otordura joan ahal izateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide