Eskuz Binakako Pilota Txapelketak Azpeitian egingo du geldialdia hurrengo ostiralean, urtarrilaren 17an. 20:45ean hasita, txapelketako hamargarren jardunaldiko bi pilota partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek Izarraitz pilotalekuan.
Promozio mailako partidak irekiko du egun horretako jaialdia: Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarra etxean arituko da Iñigo Bikuñak lagunduta; bikote horrek Dario Gomez eta Arkaitz Gabirondo izango ditu aurkari. Jaialdiko partida nagusian, aldiz, Erik Jaka eta Ander Imaz ariko dira batetik, eta Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena bestetik.
Kantxako sarrerek 30 euroko prezioa dute, eta goiko harmailetakoek, 20 eurokoa. Sarrerak lotura honen bidez eros daitezke. Partida egunean Izarraitz pilotalekuko leihatilan ere erosi ahalko dira jaialdirako sarrerak.
14 urtetik beherakoek (2011. urtetik aurrera jaiotakoek) eta Ilunpeko pilotariek doan izango dute sarrera.