2024. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Azpeitiaguka.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Azpeitia Gukak 2024an, eta hainbat izan dira komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 4.064 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, 11 albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.
2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 4,1 milioi bisita izan ditu Azpeitia Gukaren webguneak: zehazki, 4.142.239 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Horrela, 2023an lehen aldiz gainditutako lau milioi bisitaren langaren gainetik jarraitzea lortu du beste urtebetez.
Azken urteetako joera berretsi egin da 2024an ere: herritarrek Interneteko edukiak eskuko telefonotik kontsumitzen dituzte batez ere. 2017. urtea inflexio puntua izan zen horretan; izan ere, urte hartan, aurrenekoz, bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2023an %80tik gora kokatu zen ehuneko hori, eta 2024an jaitsi egin den arren, Azpeitia Gukaren webguneak izan zituen bisiten %70 eskuko telefonotik egindakoak izan ziren.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak oso onak izan dira 2024an ere. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Azpeitia Guka, Azkoitia Guka, Zumaia Guka, Zarautz Guka, Orio Guka eta Guka– 9.942.528 bisita izan zituzten iaz, urtebete lehenago adina.