Erretratua

Txetxu Iriarte: "Uste dut etxekoek bakarrik dakitela nire benetako izena"

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 13a, 10:15

Txetxu Iriarteren erretratua. (Olatz Alkorta)

Hamazazpi urtez izan zen erremontista profesionala, 27 daramatza herrian merkatari, eta Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kide ere bada Txetxu Iriarte. Berak uste ez bezala, badauka zer kontatua. Berea da Erretratua urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Medaila esaten zaio kazetaritzan hau bezalako elkarrizketetan-eta protagonista zergatik den protagonista adierazten duen testuari. Protagonistaren izen-abizenen ondoan edo segidan jar daiteke bere ofizioa ala elkarrizketatua izatearen beste arrazoiren bat. Medailan zer idatzi argi egoten da gehienetan, baina batzuetan oso zaila izaten da zer jarri erabakitzea. Hori gertatzen da, esaterako, Txetxu Iriarterekin (Azpeitia, 1970). Merkataria medailarekin bataiatua izan da azkenean, baina izan zitekeen erremontista ohi edo Zezenzale Batzordeko kide ere. Kanpora begira, publikoki, horiek denengatik baita edo izan baita ezaguna Iriarte herrian, berak kontatzeko ezer askorik ez duela uste arren.

Bataio kontuekin jarraituz, Jose Manuel izenarekin bataiatu zuten Iriarte, baina Txetxu izenez ezagutzen du mundu guztiak. Umetan, infantil mailara arte, futbolean aritu zen, eta garai hartatik datorkio izen bihurtu zaion ezizena. "Iruditzen zait Pako Ibarzabalek jarri zidala ezizena, txantxetan", kontatu du, eta gaineratu, barrez: "Uste dut etxekoek bakarrik dakitela nire benetako izena". Futboletik paletara, eta paletatik erremontera igaro zen azpeitiarra. "Mutil koskorretan jolasa besterik ez genuen egiten, makinitarik eta telefonorik ez genuen. Pilotan aritzea asko gustatzen zitzaidan eta batek esan zidan probatzeko erremontea. [Juan Pedro] Azkarate zenak zuzentzen zuen orduan hemengo erremonte eskola. Probatu nuen, eta gustatu. Horrelaxe hasi nintzen".

16 urterekin hasi zen Izarraitz pilotalekuko eskolan eta 21 urterekin debutatu zuen profesional mailan, Uharteko (Nafarroa) Euskal Jai frontoian. Ondo gogoan dauka lehen partida hura, baina ez oroitzapen gozoen kutxan gordeta duelako: "1992ko San Fermin bezpera zen. Kristoren erridikulua egin nuen. Ama-eta joan ziren ni ikustera, eta lagunekin joan nintzen, gero Iruñean parranda egiteko asmoarekin. 35-16 galdu nuen; ni etxera, negarrez, eta lagunak Iruñera".

Txetxu iriarte, lantokian. (Mailo Oiarzabal)

Gauzak, baina, ez dira beti hasten diren bide beretik joaten. Debuteko ezinari buelta emateko astia eta modua izan zuen atzelari azpeitiarrak. Hamazazpi urtez izan zen Iriarte erremontista profesionala, estelarretan aritu zen urte horietako gehienetan. "Nire palmaresa ez da beste mundukoa", dio, baina bi txapel irabazi zituen behintzat: bigarren mailako buruz burukoa, aurrena; eta maila goreneko binakakoa, ondoren, Zeberiorekin bikotea osatuz. 2009ko abuztuan jokatu zuen azken partida Galarretan. "Urte onak" izan ziren Iriarterentzat erremontean eman zituenak, "gustura" ibili zen. Erremonteak gaur egun duena baino dezentez osasun hobea zuen orduan, Iriarteren mailako profesionalek behintzat egiten eta maite zuten kiroletik bizitzeko aukera bazuten: "Astearte, ostegun, zapatu eta igande, eta jaiegun denetan" irekitzen zituen ateak Galarretak Iriarteren sasoian. Gaur egun ez dago horrelako konturik erremontean eta badaki hori azpeitiarrak. Hala ere, Jagoba Labakak utzi zuenetik bere kirol ohia ez duela gehiegi jarraitzen aitortu du. "Harekin [Labakarekin] hartu-eman handia neukan eta jarraitzen nuen pixka bat, baina orain asko-asko ez, egia esan". Pilotari garaiko egunerokotasuna eta "lagunarte ederra" ditu, batik bat, gogoan. "Bizitzeko era bat" izan zen beretzat kirolari profesional izan zen garaikoa: "Bizimodu polita zen, eta suerte bat izan zen erremontetik bizi ahal izatea".

Bitxiak eta urrea

Dena den, kirolari profesional gisa aritu zen urte gehienak gerora bere ogibide bakar bihurtu denarekin uztartu zituen Iriartek. 1997an ireki zuen lehen denda, Iriber bitxitegia, Erdikalean, eta harrezkero eta erremontetik erretiratu artean bi lanak aldi berean egin zituen azpeitiarrak. "Dendako lanarekin ez nintzen nekatzen, eserita egoten naiz hemen gehienetan, eta ondo etortzen zitzaidan kirolarekin uztartzeko", azaldu du.

Bitxigintzarekin ez zuen aurretik harremanik azpeitiarrak, baina aukera eskaini zioten, "ikasteko asmoarekin" probatzea erabaki zuen, eta horixe izan du harrezkero ogibide. "Administraritza ikasi nuen, baina sekula ez dut horretan lan egin", dio. Manolo Berzal bazkide zuela ireki zuen Erdikaleko denda. Han alokairuan urte batzuk egin ondoren, gaur egun negozioa duen lokala erosi zuen Loiolabiden, baina badira urte batzuk bitxidenda izateari utzi eta urrea erosteko denda izatera igaro zela. "Bitxigintzarena beheraka zihoala ikusten nuen, mundu hori pixka bat kontrolatzen nuen, lokala ere aproposa zen horretarako, eta horregatik animatu nintzen aldaketa egitera", kontatu du Iriartek. Horrela, bitxidenda itxi eta gutxira, 2012an, urre erosketarako negozioa ireki zuen, eta horrekin jarraitzen du. "Puskatu zaizkien bitxiak, bikotekidea galdutako belarritakoak, amarengandik herentzian jasotako bitxiak... horrelakoak ekartzen ditu jende gehienak dendara", kontatu du, negozioa zertan datzan azaltzeko. "Ekartzen duten urrea pisatu, eta pisuaren eta kalitatearen arabera, balio bat eskaintzen zaie bezeroei. Ados badaude, balio hori ordaintzen zaie. NA aurkeztu behar izaten dute, identifikatzeko", gaineratu du.

Iriarte (erdian), bere azken partida jokatzear, Galarretan, 2009ko abuztuaren 22an. (Joxerra Alvarez)

Etxetik baino, beretik

Saninazioetako zezenketak antolatzeaz arduratzen den Azpeitiko Zezenzale Batzordean ere badaramatza urte batzuk Iriartek. Aurreko batzordeko kide izan zen beren aita, eta hura hil zenean, anaiak hartu zuen haren tokia. Ondoren, Joxin Iriarte lehengusuarekin batera, batzorde berrian sartu zen erremontista ohia 2004an, "eta oso gustura" dabil han. Lehengusua da batzordearen burua, eta merkatariak azaldu duenez, hura da lanaren pisu handiena beregain hartzen duena. "Gu hari laguntzeko gaude", dio.

Zezenzale batzordera familiaren bidetik iritsi zela esan badaiteke ere, zezenzaletasuna, etxetik baino, beretik sortutako zerbait duela nabarmendu du: "Gure aita mundu horretan sartuta zegoen, baina etxean ez zen horretan nabarmentzen. Niri betitik gustatu izan zaizkit zezenak, baita kalekoa ere, baina ez etxean hori erakutsi digutelako". Kanpoko zezenzale asko erakartzen dituzte Azpeitiko zezenketek. Datak, ingurua, gastronomia, giroa... "faktore askogatik dira erakargarriak zaleentzat Azpeitiko zezenketak", Iriarteren arabera. Beste toki askotan ez bezala, osasuntsu eusten diote zezenketek Azpeitian; "gazteek peña berria sortu dute eta ikusten da giroa berreskuratu dela". Gainera, hark esan duenez, sansebastianak, karnabalak, saninazioak... ez daki zezenik gabe ulertuko al lituzketen. "Horrela ezagutu ditugu eta gozatu egiten dugu", dio Iriartek.

Aparteko zaletasunik ez duela dio. Izatekotan, duela ez hainbeste hasitako bat: mendiko bizikletarekin inguruko tontorrak eta bazterrak ezagutzea eta gozatzea. "Pilota laga ondoren, urte batzuetan ez nuen kirol askorik egin. Gero, bizikleta elektriko bat erosi nuen, eta inguruetako mendiak-eta ezagutzen, katigatu egin nintzen. Bazter mordo bat ezagutu dut, eta oso politak. Lesio txiki bat tarteko, utzita nago orain, baina berriz hasteko asmoarekin". Gainerakoan, "etxekoekin eta lagunekin" igarotzen dituen uneak gozatzea da gehien gustatzen zaiona.

2012ko zezenketen aurkezpena, Sanagustinen. (Guka)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide