Sabin Aranari buruzko solasaldia izango da bihar Basazabalen, 'Abertzaleak' hitzaldi zikloaren barruan

Iraia Oteiza

Hainbat lagun Basazabalen, Aita Manuel Larramendiri buruzko solasaldian. (Naziogintza taldea)

Xabier Irujo historialariak gidatuko du saioa, 19:00etan hasita. Naziogintza taldeak antolatu du abertzaletasunari buruzko solasaldi zikloa.

Naziogintza taldeak antolatutako Abertzaleak hitzaldi zikloaren barruko bigarren saioa eskainiko dute bihar Basazabalen. Sabin Aranari buruz arituko da Xabier Irujo historialaria, 19:00etan hasita, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

"Hitzaldi zikloaren helburua euskal abertzaletasunaren historian adierazgarriak izan diren bost lagun ezagutaraztea da. Abertzaletasunaren eremuan eragin handia izan zuten horiek, zaila baita gaur egungo euskal nazionalismoa ulertzea haien ekarpenak aintzakotzat hartu gabe", azaldu dute Naziogintza taldeko kideek. Hala, Aita Manuel Larramendiri buruzko saioa eskaini zuen abenduan Edurne Alegria itzultzaileak, eta Sabin Aranaren inguruko saioaren ostean, otsailean, martxoan eta apirilean izango dira zikloa osatuko duten gainerako hiru solasaldiak; Eli Gallastegiz ariko da Nerea Azurmendi kazetaria otsailaren 18an, Telesforo Monzonez Pako Sudupe idazlea martxoaren 19an eta Txillardegiri buruz Karmelo Landa historialaria apirilaren 29an.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide