Gaur, ostiralarekin, aurkeztu dute datorren astean Azpeitian jokatuko duten Eskuz Binakako Pilota Txapelketako jardunaldia. Izarraitz pilotalekuan izango da jaialdia, 20:45ean hasita, udalak eta Ilunpe pilota elkarteak antolatuta.
Binakako txapelketako bi partida jokatuko dituzte: B seriekoa bat eta lehen mailakoa bestea. Lehen neurketan Dario eta Gabirondo Egiguren V.aren eta Bikuñaren kontra lehiatuko dira; bigarrenean, berriz, Jaka eta Imaz Artolarekin eta Mariezkurrena II.arekin ariko dira nor baino nor.
Jaialdirako sarrerak eskuragarri daude honako lotura honetan. Kantxako sarrerek 30 euro balio dute, eta goiko harmailetakoek, berriz, hogei euro. Partiden egunean, datorren ostiralean, Izarraitz pilotalekuko leihatilan ere erosi ahalko dira sarrerak. 14 urtetik beherako herritarrek (2011. urtetik aurrera jaiotakoek) eta Ilunpeko pilotariek ez dute sarrera ordaindu beharko; horiek errebotean izango dute eserlekua.
Izarraitz pilotalekuan bertan egin dute gaurko aurkezpena, eta han izan dira, udaleko eta Ilunpeko ordezkariak nahiz jaialdian parte hartuko duten Julen Egiguren eta Iñaki Artola pilotariak. Bi kirolariek ilusioz hitz egin dute aurkezpenean, zita garrantzitsuaren atarian. Asteartean egingo dute pilotariek material aukeraketa Izarraitzen bertan.