Eduardo Agirre eta Alaitz Badiola, Euskal Pilota Federazioaren zuzendaritzarako hautagaitzetako batean

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 11a, 12:22

Pilota Zazpi Haizetara taldeko kideak.

Federazioaren zuzendaritza batzorderako bi hautagaitza aurkeztu dituzte, Euskal Pilota Mundura Taldea eta Pilota Zazpi Haizetara, eta Agirre eta Badiola azpeitiarrak Pilota Zazpi Haizetara taldeko kideak dira, biak ala biak pilotari estu lotutako herritarrak. Urtarrilaren 25eko bozketan erabakiko dute nork hartuko duen federazioaren gidaritza datozen lau urteotarako.

Hauteskunde prozesuan murgilduta dira Euskadiko Euskal Pilota Federazioan. Urtarrilaren 25ean egingo duten bozketarekin erabakiko dute nork hartuko duen federazioaren gidaritza datozen lau urteotarako, eta dagoeneko hautagaitzak aurkezteko epea bukatuta, bi talderen artean egongo da zuzendaritza batzorderako lehia. Euskal Pilota Mundura Taldea eta Pilota Zazpi Haizetara dira bi talde horiek, eta bigarren horretan, Pilota Zazpi Haizetara taldean hain zuzen, kideetako bi azpeitiarrak dira: Eduardo Agirre bata eta Alaitz Badiola bestea.

Eduardo Agirrek 59 urte ditu, Ekonomia eta Enpresa Zientzetan lizentziatua da eta Zestoako Abantzu pilota klubeko idazkari eta delegatu izan da azken lau urteotan. Alaitz Badiolak, berriz, 43 urte ditu, eta Haur Hezkuntzako irakaslea eta gorputz eta kirol ekintzen sustapeneko goi mailako teknikari izateko ikasketak ditu. Hogei urtez Ikasberri ikastolan eskola kiroleko koordinatzaile jardundakoa da, bost urtez Emakume Pilotarien Elkarteko (EPE) idazkaria izandakoa eta baita Plaza Emakumeak kirol klubeko pilotaria izandakoa ere. Gaur egun, heziketa bereziko hezitzailea da eta Azpeskirola elkarteko lehendakaria ere bai. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide