Elosiaga auzoko Añota sagardotegian gaur eguerdian ekin diote txotx denboraldiari. Juan Jose Unanue Goenatxo II.a harri jasotzaile ohia izan da txotxa zabaldu eta aurreneko tragoa egiteko ohorea eta ardura izan dituena, eta ederra dagoela esanda, probatzeko gonbidapena egin die begira zituen dozenaka lagunei. Xebastian Lizaso eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariek Goenatxo eta sagardotegiko giroa goraipatu dituzte bertsotan, eta harri jasotzaile ohiaren kasta nabarmendu dute, esanez aurtengo sagardoa ederra egongo dela haren gatzik badu.
Jarraian, irekiera ekitaldira bertaratu diren herritarrek aurtengo sagardo berria probatzeko aukera izan dute, Lajaren eta Lutxurdioren trikiti doinuek lagunduta. Hori, baina, hasiera besterik ez da izan, gaur Añotan luzatu egingo baita festa. 200 bat lagun gelditu dira bazkaritan, eta bazkalostean, bertsoak entzuteko zein trikiti pieza batzuk dantzatzeko aukera izango dute hala nahi dutenek.