Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onakek larunbat arratsaldean jokatu zuen Irauli Bostekoren kontra, Garmendipen. Hasiera-hasieratik aldapan gora jarri zitzaion neurketa Azpeitiko taldeari, partida hasi eta bost minuturako Donostiakoek gola sartu ziotelako. Dena den, aurreneko zati osoan Lagun Onakekoek izan zuten baloiaren jabetza, baina aukera garbirik ez zuten izan.
Bigarren zatiaren hasierako hamar minutuetan Irauli Bostekoak hobeto aritu ziren zelaian, baina presioak eraginda, jokoaren jabetza berreskuratzeko lanak egin zituzten Azpeitiko futbolariek, eta Malen Astigarraga kapitainak ezkerrez egindako bolea ikusgarri zein zail batekin markagailua berdintzea lortu zuen. Gero, ordea, Donostiakoen kontraeraso batean penaltia adierazi zuen epaileak, eta 1-2 galdu zuen Lagun Onakekoek.
Datorren asteburuan Lesakan (Nafarroa) jokatuko du Lagun Onakek Beti Gazteren kontra. Hamabosgarren jardunaldia izango da hori. Orain, sailkapeneko bederatzigarren postua dago Lagun Onakeko emakumeen taldea, hemezortzi punturekin. Beti Gazte, berriz, sailkapeneko azken-aurreko postuan dago, zortzi punturekin.
Santurtziri irabazi
Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakeko mutilek atzo, igandea, jokatu zuten etxetik kanpo, eta Santurtziri 2-3 irabazita, hiru puntu gehiagorekin etxeratu ziren. Denboraldiko lehen itzuliko hamazazpigarren eta azken jardunaldia izan zen atzokoan, eta Lagun Onak sailkapeneko erdiko postuetan dago egun, 25 punturekin.
Partida lo hasi zuten Azpeitiko Lagun Onakekoek, eta partidako hamargarren minuturako Santurtzikoek gol bat sartu zieten. Gol horrek esnarazi zituen Riberak gidatutako mutilak, eta hamaseigarren minutuan Jon Sorazu zestoarrak Santurtziren atean gola sartu zuen. 24. minutuan berriz Lagun Onakekoek, Sorazuk Alex Letamendiari pasatu zion baloia eta honek gola sartu zuen. Une horretatik aurrera, Lagun Onakekoak jaun eta jabe izan ziren futbol zelaian.
Bigarren zatiaren hasieran minutu batzuk alferrik galdu zituen Lagun Onakek, eta 52. minutuan, areatik kanpo Santurtzik berdinketa (2-2) lortu zuen. Ordutik partidaren azken minutuak arte gaizki aritu ziren Azpeitikoak, baina partidaren azken minutuetan berriro baloiaren jabe egitea lortu zuten, eta 84. minutuan Aimar Leundak egindako jokoari esker, Imanol Ruiz de Illak gola sartu zuen, markagailua 2-3 jarriz. Hala, Lagun Onak hiru puntu eskuratuta itzuli zen Santurtzitik.
Bigarren itzuliko lehen partida datorren asteburuan jokatuko du Lagun Onakek etxetik kanpo Derioren (Bizkaia) kontra.