Urolako Napar Zuzterrak taldeak eta Nabarraldek antolatuta, eguerdian ireki dute Habitat. Ezkutatu diguten historia izeneko erakusketa Betharrameko udal aretoan, eta ikusgai egongo da ostiralera bitartean. Aurten ez dute herritarrentzat hitzaldi edo bisita gidaturik antolatu, agenda kontuak medio, baina antolatzaileek herritar oro erakusketa "patxadaz ikustera" gonbidatu dute. Aldiz, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek bisita gidatuak izango dituzte astean zehar Beñi Agirre historialariaren eskutik.
"Bizi nahi duen herriak bere historia kontatu behar" duela abiapuntutzat hartuta, Erroma aurreko Baskoniatik hasi eta gaurdaino Euskal Herriaren historiak izan dituen hainbat mugarri eta gako ezagutaraztea da erakusketaren helburua.
Betharramen erakusketek ohi dutena baino ordutegi zabalagoa izango du Habitat. Ezkutatu diguten historia-k, astelehenetik ostiralera 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bertaratzeko aukera izango baita.
(Argazkiak: Aitziber Arzallus)