Pentsio duinak aldarrikatzen segituz hasi dituzte urte berriko elkarretaratzeak

Nerea Uranga 2025ko urt. 14a, 09:59

Pentsiodunen eta jubilatuen plataformakoen elkarretaratzea atzo.

Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko eskatzeko sinadura bilketa hasi du Azpeitiko jubilatu eta pentsionisten plataformak, eta hori sinatzera deitu dituzte herritar guztiak. Hemendik aurrera astelehenero egingo dituzte elkarretaratzeak.

Gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldatak berdinak izatea aldarrikatu zuten atzo, urtarrilak 13, herriko plazan Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen plataformak deituta egindako elkarretaratzean. "Herri ekimen legegilea Eusko Legebiltzarrak tramitatzea onartu duelako eta horri babesa emateko sinadura bilketa ere hasi dugu", azaldu dute plataformako kideek. Era berean, sinadura bilketan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak, "gaur egun jubilatuak eta pentsionistak direnak, eta baita biharko egunean izango direnak ere".

Atzo jubilatu eta pentsionisten plataformakoek adierazi zutenez, "gutxieneko pentsioek pentsiodunen pobrezia iraunaraziko" dute. "Pobrezia horrek, gainera, bereziki eragiten die aitortu gabeko lan erreproduktiboetan eta zaintza lanetan aritu diren emakumeei. Argi dago, orain arteko genero arrakala murrizteko neurriak ez direla nahikoak izan", azaldu dute.

Urte berriko lehen mobilizazioa izan zuten atzokoa, eta hemendik aurrera astelehenero elkartuko dira pentsio duinak aldarrikatzeko. "Pentsio duinak bizi baldintza duinak eskuratzeko aukera emango digulako", azpimarratu dute.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide