Baztango (Nafarroa) Lekarozko Aroztegia auzoa ezagun egin zen duela urte batzuk, han ehunka etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia eraikitzea aurreikusten zuen hirigintza proiektu erraldoia tarteko. Nafarroako Gobernuaren onespenarekin baina tokiko erakundeen eta herritar askoren iritziaren kontra aurrera proiektua garatzen hasi ziren; 2021ean hasi zituzten eraikitze lanak, baina urte berean geldiarazi zituzten; besteak beste, protesta kanpaldi baten ondoren. Hain zuzen, lanak geldiaraztea egotzita, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zazpi herritarrentzat hogei urteko kartzela zigorra eskaera egin zuela jakinarazi zen iazko ekainean.
Atzo, Sañu Bizirikek antolatuta eta Aroztegiaren elkartasun batzordeko Garbiñe Elizegiren eta Elurre Iriarteren, eskutik, Aroztegirako hirigintza proiektuaren gaineko xehetasunez, proiektu horren kontrako mobilizazioez zein bidean den epaiketaz gehiago jakiteko aukera izan zuten Azoka Plazako goiko solairuan elkartu ziren dozenaka herritarrek.