Elikadura ekologikoa sustatzeko Ekolurraren erakusketa ibiltaria ikusgai dago Ekoetxean

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 16a, 11:48

'Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da' erakusketaren zati bat, Ekoetxean. (Mailo Oiarzabal)

Otsailaren 3ra arte ikus daiteke Azpeitian Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da izeneko erakusketa. Urtarrilaren 26an horrekin lotutako familia ekintza ere egingo dute Ekoetxean bertan, baina dagoeneko beteta dago parte hartze zerrenda.

Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da erakusketa ibiltaria Azpeitiko Ekoetxean ikus daiteke egunotan. Elikagaien ekoizpen ekologikoaren eta elikagai ekologikoen kontsumoaren onurak gizarteratzeko zein era horretako ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko helburuarekin prestatu du erakusketa hori Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, eta otsailaren 3ra arte egongo da Azpeitian.

Hamabost panel edo argibide taulak osatzen dute erakusketa; QR kode bana dute panel horiek, eta eskuko telefonoak erabilita, tauletan jasotako informazioa osatzen duten bideo laburrak ikusteko aukera dute bisitariek. Esan bezala, elikadura eta elikagai ekoizpen ekologikoaren onurak gizarteratzea da erakusketaren helburua, eta onura horietako batzuk goraipatzen dituzte paneletan: elikagai ekologikoen kalitatea, ekoizpen ekologikoak ingurumenean duen eragin positiboa, arreta eta osasun printzipioak, tokiko ekoizleak, konfiantza eta gertutasuna, edo animalien ongizatearekiko ardura, besteak beste.

Ekoetxea irekita dagoen bitartean ikus daiteke Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da erakusketa: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta larunbat, igande zein jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:00etara.

Pasta ekologikoa egiteko tailerra, beteta

Erakusketa ibiltariaren osagarri gisa, igande honetan zortzi, urtarrilaren 26an, pasta ekologikoa egiten ikasteko tailerra emango dute Ekoetxean, familiei zuzenduta antolatzen dituzten ekintzen barruan.

Ohi bezala, doako tailerra izango da hori, baina dagoeneko ez dago tokirik; aurrez izena eman behar izaten dute horrelakoetan parte hartu nahi dutenek, eta pasta ekologikoare tailerrerako eskaintzen zituzten toki guztiak beteta daudela jakinarazi dute Ekoetxeko arduradunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide