Urrezko domina bana irabazi dute bi atleta azpeitiarrek. Atletismoko pista estaliko Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten atzo Donostiako Belodromoan.
800 metroko absolutuen mailako Gipuzkoako txapelketa Naiara Tena Xeye atletismo taldeko atletak irabazi zuen, 02.17,50 denbora eginda. Aurreko asteburuan, atleta azpeitiarrak 23 urtez azpikoen 800 metroko Gipuzkoako txapelketa ere irabazi zuen.
Espainiako txapelketarako denbora eginda
Julen Azpiazu azpeitiarrak, berriz, 23 urtez azpikoetan 1.500 metroko Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen atzo; Lea La Blanca taldean aritzen da Azpiazu. 23 urtez azpikoen 1.500 metroko Espainiako txapelketan parte hartzeko denbora (03.58,00) egiteko asmoz atera zen Azpiazu atzoko lasterketan, eta lortu zuen, 03.57,70 denboran bukatuta.
Azpiazu hirugarrena, baina lehen gipuzkoarra izan zen atzo 1.500 metroko probaren helmugan, haren aurretik bukatu zuten segundo hamarren aldearekin Alvaro Alduan nafarrak (03.57,57) eta Antxon Casal bizkaitarrak (03.57,62).