Larunbat arratsaldean etxetik kanpo jokatu zuten Lagun Onakeko Espainiako Hirugarren Mailako eta Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako futbol taldeek.
Bizkaian jokatu zuen Lagun Onaken gizonen taldeak, Derioren kontra, eta 2-0 emaitzarekin etxeratu ziren. Deriokoak gogor jokatzera atera ziren partidaren hasiera-hasieratik, Lagun Onakekoak ez bezala, eta partidaren lehen zati osoa haiena izan zen. Atsedenera iritsi aurreko azken jokoan gola sartu eta 1-0 utzi zuten markagailua.
Bigarren zatian, Lagun Onakekoak saiatu ziren Derioren areara gerturatzen, baina aurkariek lan ona egin zuten defentsan. Partida bukatzeko bost minuturen faltan aurkariek bigarren gola sartu zuten, eta 2-0 emaitzarekin bukatu zen partida.
Riberak eta Saizarrek gidatutako Lagun Onak taldeak hurrengo jardunaldia Garmendipen jokatuko du Alavesen kontra.
Bestelako emaitza
Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldeak Beti Gazteren kontra jokatu zuen larunbatean, Lesakako Mastegi futbol zelaian (Nafarroa). Partidaren hasieran 1-0 galtzen hasi ziren Lagun Onakekoak, baina partidaren jabetza ia guztia Azpeitiko emakumeena izan zen. Berdinketa korner batetik Joanek Kortak sartutako golarekin lortu zuten lehen zatia bukatu aurretik.
Bigarren zatian ere jokoa Lagun Onakekoena izan zen zelaian, eta June Casinak sartutako bi goli esker 1-3 irabazi zuten.